Udal eta foru hauteskundeak 2019

Alkategaien mahai-ingurua izango da maiatzaren 14an

Uztarria.eus 2019ko mai. 7a, 12:13

Nagore Alkortak (EH Bildu) eta Amaia Etxeberriak (EAJ) parte hartuko dute solasaldian. Saioa Sanagustin kulturgunean izango da, 19:00etan hasita. Anartz Izagirrek gidatuko du mahai-ingurua, eta herritarrek ez dute galderak egiteko aukerarik izango. Erlo Telebistak streaming bidez zuzenean emango du saioa.

Maiatzaren 26ko udal eta foru hauteskundeen jarraipen zabala egingo du Uztarriak, eta horien atariko moduan, herriko alkategaiekin mahai-ingurua antolatu du. Saio hori Urola Kostako Hitzarekin nahiz Erlo Telebistarekin elkarlanean antolatu du Uztarriak, eta maiatzaren 14an, asteartez, izango da, Sanagustin kulturgunean.

Nagore Alkortak (EH Bildu) eta Amaia Etxeberriak (EAJ) parte hartuko dute solasaldian; aldiz, PSE-EEren hautagai Oscar Murillo ez da bertan izango. Mahai-ingurua gidatzeaz eta moderatzaile lanak egiteaz, berriz, Anartz Izagirre Uztarriako kazetaria arduratuko da. Bi hautagaiei herriarekin lotutako hainbat gai jarriko zaizkie mahai gainean. Ikus-entzuleek ez dute galderak egiteko aukerarik izango mahai-inguruan.

Erlo Telebistak saioa streaming bidez zuzenean emango du eta webgune honetan izango da ikusgai. Ondoren, grabatutako bideoa ere ikusgai izango da Uztarria.eus-en.