Maite Etxezarretak irabazi du Kanpezu-Ioar maratoi erdia

Uztarria.eus 2019ko mai. 5a, 16:08

Kanpezu-Ioar maratoi erdia jokatu dute gaur Araba eta Nafarroa artean dagoen Ioar mendian (1.416 metro), eta Maite Etxezarreta korrikalari azpeitiarra nagusitu da proban. Etxezarretak 02:52:44 denbora behar izan du helmugara iristeko, 1.930 metroko desnibela zuen 26 kilometroko ibilbidea osatu ondoren. Gainera, Espainiako Koparen probetako bat ere jokoan izan da gaurko lasterketan, eta azpeitiarrarentzat izan da garaipen hori ere. Guztira, sei lasterketek osatzen dute Espainiako Kopa, eta gaurkoa hirugarrena izan da. Etxezarreta Espainiako Kopako orain arteko proba guztietan lehiatu da, eta bosgarren, hirugarren eta lehenengo postuak lortu ditu, hurrenez hurren.

Azpeitiarrak ezaguna zuen gaurko maratoi erdia, dagoeneko hiru aldiz parte hartu baitu han. Espainiako Kopa jokoan dagoela eta, lasterketan "ahalik eta lan txukunena" egitea zuen helburu, baina hark aitortu du "inondik inora" ez zuela espero proba irabaztea. "Pentsatzen nuena baino denbora hobea egin dut", gaineratu du. Azpeitiarrak adierazi duenez, lasterketa guztian zehar lehen bost korrikalariak elkarrengandik gertu egon dira eta "asko estutu" dute elkar. "Horregatik lortu ditugu denbora oso onak", esan du Etxezarretak.