Agintaldi berrirako erronkak zehaztu ditu Uemak Azpeitian egin duen batzar nagusian

Uztarria.eus | Euskara
2019ko mai. 4a, 13:16

2015-2019 agintaldiaren amaierako batzar nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak gaur, Azpeitian. Uemaren Berdintasun Plana onartzearekin batera, amaitzear den agintaldiko balantzea aurkeztu dute, baita agintaldi berrirako erronkak zehaztu ere. Uemako kide diren 73 herrirekin hasi zuten agintzaldia, eta gaur egun, 86 udal dira Uemako kide.

Gaurko batzarreko irudia. (Uema)  Ikusi haundiago | Argazki originala

2015-2019 agintaldiari amaiera emateko batzar nagusia egin du Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak (Uema) gaur, Azpeitian. Uemaren Berdintasun Plana onartzearekin batera, amaitzear den agintaldiko balantzea aurkeztu dute, eta agintaldi berrirako erronkak ere zehaztuta daudela nabarmendu du Uemako lehendakari Josu Labakak: "Hainbat eragileren artean egindako hausnarketetan eta jardunaldietan agerian geratu da udalerri euskaldunak benetan garatzea dela udalerri euskaldunei eusteko modu bakarra. Beraz, euskararen arnasguneak babesteko eta zabaltzeko, udalerri euskaldunak benetan garatzea dagokigu, eta horretarako ildoak zehaztea eta lantzea izango da agintaldi berriko erronka estrategikoa".

Udalerri euskaldunak erabat euskaldun izan daitezen, Uemak bost helburu estrategiko ditu, eta azken lau urteotan horiek lortzeko bidean eman diren aurrerapauso esanguratsuenak nabarmendu dituzte batzar nagusian. Honako hauek dira Uemaren bost helburu estrategikoak eta lan-ildoak: udalerri euskaldunen lurgunea osatzea; Uema erakunde gisa sendotzea; udalerrien erabateko euskalduntzea –udalen euskalduntzea eta udalerrien euskalduntzea–; herritarren sentsibilizazioa eta ahalduntzea; eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena.

Udalerri euskaldunen lurguneari dagokionez, agintaldia Uemako kide diren 73 herrirekin hasi bazuten ere, gaur egun Uemako kide 86 udal direla eta guztien artean 245.000 biztanle inguruko lurraldea osatzen dutela nabarmendu dute. Zuzendaritza Batzordearen aniztasunak eta alderdien eta ordezkarien elkarlanerako borondateak bidea egiten lagundu duela ere adierazi du Labakak.

Hamaika zerbitzu, udalak eta udalerriak euskalduntzeko

Udalen eta udalerrien euskalduntzeari dagokionez, hamaika zerbitzu eskaintzen ditu Uemak, eta horien guztien beharra nabarmendu dute, emaitzak ere iraunkorrak izan daitezen: udal langileen trebakuntza, udaletako hizkuntza irizpideen garrantzia, beste administrazioekiko eta hornitzaileekiko harremana, ostalaritza eta merkataritza euskalduntzeko egiten den lana, eta Uemako teknikariek udalekin elkarlanean egiten dituzten askotariko lanak, "administrazioa euskalduntzeko eta udalek euskaraz funtziona dezaten Uemak hasieratik bideratu dituenak eta mankomunitatea aitzindari bihurtu dutenak".

Herritarren sentsibilizazioari eta ahalduntzeari dagokionez, berriz, agintaldi honetan abiarazitako Uemaren hezkuntza proiektua da "ildorik sendoena". Eskola guztietan sistematikoki lantzen da, ikasleek hizkuntza ekologiaren ikuspegia jaso eta arnasguneen garrantzia ezagutu dezaten. Hezkuntza araututik kanpo, lehen aldiz antolatu diren gazte topaketak eta udalekuak ere ildo horretan kokatzen ditu Uemak. Herritarrentzat antolatzen dituen tailerrak eta udalerri euskaldunen inguruko komunikazio lana ere horren baitakoa da.

Azkenik, udalerri euskaldunen zaintzak eta garapenak ere azken urteotan izan duen bilakaera nabarmendu dute: Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiek urteetan zehar ekarri duten guztia, horren harira sortu den Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, horrek lege izaera hartu izana, eta udalerri euskaldunak benetan garatzeko zehaztu diren ildoak nahiz azken jardunaldietan proposatu diren ekimenak. Azken horien baitan ulertu behar da euskara turismo eskaintzan nabarmentzeko beharra, eta agintaldi berriko hautetsiak eta udal ordezkariak formatzeko eta kontzientziatzeko beharra, udalerri euskaldunak garatzea "benetan giltzarria" delakoan, eta horretarako "erabaki sendoak bezain aitzindariak" hartu behar direlakoan.

Amaitzeko, azken lau urteotan Ueman udala ordezkatu duten alkate eta zinegotzi guztiak eskertu ditu Labakak. Horien guztien izenean, bereziki, agintaldi honetan Uemaren Zuzendaritza Batzordea osatu duten alkateak eta zinegotziak nabarmendu ditu, eta oroigarri bana ere jaso dute horiek.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu