Azken zortzi urteotan herrian garatu duen eraldaketan sakondu nahi du EH Bilduk

Uztarria.eus 2019ko mai. 3a, 16:43
Ezkerretik eskuinera, Estitxu Elduaien EH Bilduren Batzar Nagusietarako zerrendakidea, Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaia, Eneko Etxeberria egungo alkatea eta Josu Labaka zinegotzia eta EH Bilduren zerrendakidea.

"Herritarrekin batera emango ditugu pausoak, pixkanaka baina etenik gabe", azaldu du Nagore Alkorta EH Bilduren alkategaiak. Hark adierazi du herritarren lehetasunak ezagutzeko gauzatu zuten galdeketa prozesuko emaitzak herri programan txertatu dituztela. Eneko Etxeberria egungo alkateak esan du Alkorta eta haren taldea Azpeitiak aurkez ditzakeen hautagairik "onenak" direla.

Nagore Alkorta EH Bilduren datorren maiatzaren 26ko udal hauteskundeetarako alkategaiak eta Eneko Etxeberria gaur egungo Azpeitiko alkateak agerraldia egin dute gaur, ostirala, EH Bilduk hauteskundeak direla-eta Erdikalean zabaldu duen bilgunean. EH Bilduk –lehen agintaldian Bildu izenpean– bi agintaldi egin ditu Azpeitiko Udal Gobernuan, eta Alkortak azaldu du zortzi urteotan egindako lanari "heldu" eta herriaren eraldaketan "sakondu" nahi duela koalizioak datorren agintaldian. "Herritarrekin batera emango ditugu pausoak, pixkanaka baina etenik gabe".

Alkortak azaldu duenez, azpeitiarren lehentasunak ezagutzeko Zugandik hasita, herria egiten galdeketa prozesua egin zuen EH Bilduk 2019. urtearen hasieran, eta emaitzak herri programan txertatu dituztela jakinarazi du alkategaiak: "Udalaren etorkizuneko lan ildoak markatuko dituzten lehentasunak izango dira horiek. Dena den, erabaki garrantzitsuena maiatzaren 26an hartuko dugu, egun horretan erabakiko baita Azpeitiko Udaleko proiektu politikoa zein izango den datozen lau urteetan". Alkortak adierazi duenez, herritarrek EH Bilduri konfiantza agertzen badiote "proiektuz betetako" Udala izango da Azpeitikoa: "Arloz arlo hartutako neurrietan sakonduko dugu, inor baztertu gabe. Denentzat gobernatuko dugu, gardentasunean oinarrituta, eta baliabide publikoak ondo kudeatuko ditugu". EH Bilduk osatu duen taldeak "esperientzia" duela esan du Alkortak, eta adierazi du "konfiantza osoa" duela ondoan duen taldearekin.

Azpeitiaren eraldaketa "krisi garai gogorrean" hasi zutela gogorarazi du EH Bilduren alkategaiak. "Udalak hartu zuen lidergoari esker, eta herritarrekin batera elkarbizitza giroan osatu duen bidea tarteko, erabaki onak erdietsi ditu EH Bilduk bai arlo sozialean, bai ekonomikoan. Garai gogorretatik ateratzeko eta herriarekin batera lan egiteko apustua egin du koalizioak, eta lan horretan segitzea izango da gure erronka nagusia", azaldu du Alkortak. Hark esandakoekin bat egin du Etxeberriak ere, eta adierazi du 2011n agintera iritsi zirenean, krisi garai gogorra izateaz gain, herrian "egiturazko arazo ugari" ere bazirela. "Arlo askotan hobekuntza nabarmen eta erreferenteak egin ditugu zortzi urteotan, eta herritarrek ikusi dute hori. Horren guztiaren atzean lana dago, aldaketak landu egin behar direlako". Dena den, Azpeitiko alkateak esan du oraindik arlo "asko" daudela hobetzeko: "Pausoak eman ditugu, baina urrats gehiago ditugu egiteko".

Etxeberriaren aburuz, egin denaz gain, egin duten hori nola gauzatu duten da garrantzitsua: "Azpeitia Denon Artean izan da Udalaren leloa, herria ez dutelako soilik agintean daudenek osatzen. Herritarrak jarri ditugu erdigunean, eta erabakitzeko aukera izan dute horiek. Elkarlana lortu dugu hainbat arlotan, eta babes zabala lortzen saiatu gara". Hark adierazi duenez, erabaki "gogorrak" ere hartu behar izan dituzte: "Bi aukera daude: geldirik egon, ezer egin gabe tinko eta koherente; edo, arriskatu, nahiz eta batzuetan inkoherentziaz jokatu". Etxeberriaren ustez, "gauzak egin egin behar dira", eta hain zuzen ere, EH Bilduren "ardatza" horixe dela esan du. "Gardentasunean, kulturan, arlo sozialean, etxebizitzaren eremuan, pentsioetan... hainbat neurri hartuko dituzte hurrengo agintaldian ere", gaineratu du.

2011ra begira ere jarri da Etxeberria, politikarako jauzia egiteko urratsa egin zuen garaira begira. Hark esan duenez, "ez-ohiko egoera" bizi izan zuten orduan legez kanporatzea zela eta, eta "herritar apalek pauso bat eman eta hauteskundeetara aurkeztea erabaki" zutela adierazi du. "Orain, ohiko herritar izatera itzultzea tokatzen zaigu; izan ere, horixe da demokraziaren eta gure ardatzetako bat. Politika kate bat bezala irudikatuta, norbaiti utzi egin behar zaio katea, eta saiatu gara Azpeitiko Udalaren edo herriaren katea esku onetan uzten". Horri lotuta, Etxeberriak adierazi du Alkorta eta haren taldea Azpeitiak aurkez ditzakeen hautagairik "onenak" direla: "Gaztetatik ezagutzen dut Alkorta, eta bere gaitasuna, inteligentzia eta lanerako duen ahalmena ikaragarriak dira. Luxu bat da halako alkategai bat izatea EH Bildurentzat, baita azpeitiarrentzat ere".