Oriora eta Aginagara irteera egingo dute bailarako jubilatuek

Uztarria.eus 2019ko mai. 3a, 12:37

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako elkarteetako bazkideek maiatzaren 23an, ostegunez, egingo dute urteroko txangoa. Dagoeneko zabalik dute izen-emate epea Baigera Ien, eta interesatuek hilaren 16a baino lehen inskribatu beharko dute.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako jubilatu elkarteetako kideek maiatzaren 23an egingo dute urtero gauzatzen duten txango bateratua. Aurten ere, Orion eta Aginagan igaroko dute eguna. Hain zuzen ere, goiz pasa Orion ibili ondoren, Aginagako Errasti sagardotegian bazkalduko dute. Ondoren, dantzarako tartea ere izango dute.

Azpeitiarrek 10:30ean hartuko dute autobusa, San Martin egoitzaren atarian. Oriora iritsi ostean, 12:00etan, meza izango dute, eta ondoren txikiteoa egingo dute, kantariek girotuta. 14:30ean hasiko dute bazkaria Aginagako Errasti sagardotegian, eta bazkalondoan pare bat orduz erromeriaz gozatzeko parada izango dute bailarako erretiratuek.

Asteazkenetik dago txangorako izena emateko epea zabalik, eta hilaren 16an itxiko dute. Interesatuek Baigera Ieko bulegora bertaratu beharko dute, astelehenetik ostegunera, 10:30etik 12:30era.