Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketako final laurdenetara sailkatu da Mikel Larrañaga

Uztarria.eus 2019ko mai. 2a, 17:23
Mikel Larrañaga atzo Lazkaon jokatutako kanporaketan. (Egursport)

Mikel Larrañagak Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketako kanporaketa jokatu zuen atzo Lazkaon (Gipuzkoa), eta hurrengo faserako txartela eskuratu zuen han. Galdakaon (Bizkaia) jokatuko du final laurdena, maiatzaren 11n.

Mikel Larrañaga aizkolari azpeitiarrak Urrezko Banakako Aizkolarien Txapelketako kanporaketa jokatu zuen, atzo, asteazkena, eta hurrengo faserako txartela eskuratu zuen saioan. Lazkaon (Gipuzkoa) jokatu zuten kanporaketa Larrañagak, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak. Era askotako lanak –kolpeka, erlojuaren kontra, zutik, abiadura eta lan erdira– egin behar izan zituzten kirolariek, eta lanak amaitzen azkarrena izan zen azpeitiarra; guztira, hamalau minutu eta hemeretzi segundo behar izan zituen. Haren atzetik sailkatu zen Alberdi, hamalau minutu eta 57 segundoko denborarekin, eta Otaño izan zen lanak amaitzen azkena; hamabost minutu eta 26 segundo behar izan zituen hark.

Hiru aizkolarietatik bi onenak sailkatzen ziren hurrengo fasera, eta beraz, Larrañagak eta Alberdik lortu dute datorren kanporaketarako txartela. Galdakaon (Bizkaia) jokatuko dute final laurdena, eta han ikusiko da aurrera egiten duen edo ez azpeitiarrak. Finalera iristen baldin bada, Azpeitian neurtu beharko ditu indarrak, ekainaren 7an. Iaz ere finalean izan zen Larrañaga, baina Iker Vicentek jantzi zuen txapela orduko hartan.