Gipuzkoa Bertsotan sailkapen faseari ekiteko prest dira Letamendia, Albizu eta Egaña

Uztarria.eus | Kultura
2019ko mai. 2a, 08:17

Asteburuan hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea. Sei azpeitiarrek eman dute lehiarako izena. Iker Letamendiak eta Imanol Albizuk zapatuan, maiatzaren 4an, Idiazabalgo Guraso Elkartean egingo duten saioan abestuko dute; Urko Egañak, berriz, igandean du zita Orioko Kultur Etxean (17:00). Sailkapen faseko saioetan puntuazio altuena lortzen duten 34 bertsolari sailkatuko dira txapelketara.

Asteburu honetan hasiko da Gipuzkoa Bertsotan Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako sailkapen fasea. Sei azpeitiarrek eman dute lehiarako izena, eta asteburu honetan dituzte horietako hiruk hitzorduak: Iker Letamendiak, Imanol Albizuk eta Urko Egañak. Letamendiak eta Albizuk zapatuan, maiatzaren 4an, Idiazabalgo Guraso Elkartean egingo duten saioan abestuko dute (17:00), Unai Muñoarekin, Egoitz Eizagirrerekin, Txomin Azpirozekin, Gorka Etxeberriarekin eta Iker Ormazabalekin batera. Egañak, berriz, igandean du zita Orioko Kultur Etxean (17:00), eta harekin ariko dira kantuan Asier Apiroz, Oier Aizpurua, Andoni Otamendi, Joseba Andoni Agirre eta Jokin Irastorza. Gainerako bertsolari azpeitiarrek –Jokin Urangak, Jon Gurrutxagak eta Oier Etxeberriak– datozen asteetako saioetan kantatuko dute.

Irailean hasiko da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, baina oraindik erabakitzeko dago zein bertsolari ariko diren kantuan aurtengo edizioan; horregatik antolatu dute Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea. Maiatzaren 4tik 25era bitartean hainbat saio izango da, eta 84 bertsolari ariko dira lehian. Saio bakarrean abestuko dute bertsolari guztiek, eta saio horietan lortutako puntuazioaren arabera, 34 bertsolarik lortuko dute Gipuzkoako Bertsolari Txapelketarako txartela. Beñat Lizaso txapelketan sartuko da irailean, Euskal Herriko Bertsolari Txapelketan egindako lana tarteko –final laurdenetara iritsi zen azpeitiarra–.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu