Etxean da Joseba Segurola 'Xegu' preso ohia

Uztarria.eus 2019ko mai. 1a, 12:06

Herrian da dagoeneko Joseba Segurola Xegu preso ohia (Azpeitia, 1975). Atzo iluntzean utzi zuten aske azpeitiarra, eta 20:45 aldean atera zen hura Soto del Real espetxetik (Madril). Segurolak kartzelaren atarian zituen zain senide eta lagunak, eta horiek 02:00ak ingururan heldu ziren Azpeitira. Frantziako espetxe zigorra beteta, Euroagindu bat tarteko eraman zuten azpeitiarra astelehenean Madrilera, eta atzo eraman zuten hura Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile baten aurrera. Epaile horrek erabaki zuen Segurola baldintzarik gabe aske uztea, eta espetxean azken izapideak egin ondoren utzi zuten aske. 2005ean atxilotu zutenetik, Frantziako hainbat espetxetan izan dute preso; azken urteetan, Lannemezaneko (Okzitania) kartzelan.

2005eko martxoaren 23an atxilotu zuten Lannemezan-en (Frantzia), ustez ETAko kidea zelakoan. 2009an Espainiako Auzitegi Nazionalak Segurola Espainiaratzeko eskaera egin zion Frantziari, baina Versallesko Apelazio Auzitegiak ez zuen onartu eskaria. 2010ean epaitu zuten Parisen, eta urte hartan bertan jakinarazi zuten epaia: 18 urteko espetxe zigorra ezarri zioten Segurolari.