Izeta IV.a eta Goikoetxe harri-jasotzaileak prest dira zapatuan zezen plazan jokatuko duten apusturako

Uztarria.eus 2019ko api. 30a, 21:00
Ezkerretik eskubira, Juan Mari Iraola, Estitxu Elduaien, Izeta IV.a, Goikoetxe, Zelai eta Izeta II.a, gaurko aurkezpenean.

Zarauzko eta Elgetako harri-jasotzaileek 125 kiloko kubikoarekin neurtuko dituzte indarrak Azpeitian, 19:00etatik aurrera. Sarrerak egunean bertan jarriko dituzte salgai zezen plazako leihatiletan, 18:00etan hasita.

Herri kirol zaleek hitzordua dute zapatu honetan Azpeitian. Apustu baten lekuko izango da, beste behin, herriko zezen plaza, eta bi harri-jasotzaile izango dira protagonista: Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a zarauztarra eta Imanol Albizu Goikoetxe elgetarra. Bi harri-jasotzaileak, beren prestatzaileak, antolatzaileak eta babesleak zezen plazan bertan elkartu dira gaur eguerdian, hilaren 4ko ekitaldiaren berri emateko.

Joan den urtarrilean hitzartu zuten jokatu beharreko apustua eta Azpeitian bertan lotu zituzten xehetasunak, Landetako Mendizabal erretegian; Goikoetxek botatako erronkari erantzun zion orduan Izeta IV.ak. 125 kiloko kubikoa hamarna minutuko hiru txandatan zeinek gehiagotan altxatu, hori izango da zapatuko apustuaren emaitza erabakiko duena.

12.000 euro jokoan

Apustua irabazten duenak 12.000 euroko diru poltsa bereganatuko du. Altxaldi kopuruan berdinketarik bada, berriz, bakoitzak mahai gainean jarritako dirua berreskuratuko du, 6.000 euro, alegia.

Zapatuan 19:00etan hasita jokatuko dena "harri-jasotze apustu aparta" izango dela adierazi du gaurko aurkezpenean Zarautz kirol elkarteko herri kiroletako ordezkari Juan Mari Iraolak. Apustua nola jokatuko den ere azaldu du: apustugileek bakarka beteko dituzte hamar minutuko hiru txandak, eta hamar minutuko saio batetik bestera bost minutuko tarteak izango dira plazan; horrela, kirolariek hogei minutuko atsedena izango dute txanda batetik bestera. Lanean aurrena nor hasi zozketa bidez erabakiko dute.

Faboritorik ez

Ia bost hilabete dira apustua itxi zutela, eta bai Izeta IV.ak eta bai Goikoetxek larunbata iristeko "desiatzen" daudela aitortu dute, prestaketa ondo joan arren "luze" egin zaielako. 125eko kubikoa txapelketetan-eta erabiltzen ez den harria dela nabarmendu dute, bestalde, Jose Ramon Iruretagoiena Izeta II.ak, Izeta IV.aren aita eta prestatzaileak, eta Jose Mari Gisasola Zelai Goikoetxeren erakustaileak; horregatik uste dute faboritorik ez dela apustuari begira.

Apustua ikustera joan nahi dutenek zezen plazan erosi beharko dituzte sarrerak, 35 eurotan, apustuaren egunean bertan. 18:00etan irekiko dituzte zezen plazako leihatilak, apustua hasi baino ordubete lehenago.

Apustuaren antolatzaileek esker oneko hitzak izan dituzte Azpeitiko Udalarentzat, zezen plaza uzteagatik. "Herri kirolean zailtasun asko izaten dira, eta guk kirolariak lagundu eta herri kirolak babestuz, herri kiroletan ere duintasunez aritzeko apustua egiten dugu. Horregatik eskertu nahi dizuegu Azpeitia aukeratzea", erantzun die, bere aldetik, Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak.