'Ehuna' haurrentzako dantza ikuskizuna izango da igandean Sanagustinen

Uztarria.eus 2019ko mai. 1a, 11:10

Teatro Paraisok eta Dantzaz Konpainiak elkarlanean sortu duten 1 eta 5 urte bitarteko haurrentzako dantza ikuskizuna da Ehuna, eta igandean, maiatzak 5, Sanagustin kulturgunean izango da ikusgai. Jone Amezagak eta Miren Lizeagak antzeztutako obra da Ehunak, eta 12:00etan hasiko da emanaldia. Sarrerak dagoeneko salgai daude Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustinen, bost euroren trukean. Egunean bertan ere erosi ahal izango dira sarrerak.

Cristobal Balentziaga jostunaren sormenezko unibertsoaren proiekzio eszeniko bat da Ehuna, 2018. urtean ekoitzia. Françoise Couture artistaren musikaz girotuta, oihal handi baten inguruan, ehun eta jantzien artean, jolasean ibiliko dira bi dantzariak ikuskizunean; Amezagak eta Lizeagak zuhaitz, turbante eta bestelako formak hartuko dituzte oihalez baliatuta. Argia, keinuak, ehundurak eta koloreak uztartuta, etxeko txikienak magiazko munduan murgilaraztea du helburu emanaldiak.