'K-Baret' ikuskizuna, Azpeitira iristear

Urola Kostako Hitza 2019ko mai. 3a, 11:40
'K-baret' ikuskizuneko irudia.

Joan zen martxoan Azkoitian estreinatu ostean, igandean, 17:00etan hasita, Soreasu antzokian ikusi ahal izango da Azkoitiko eta Azpeitiko Bigoterik Gabea antzerki taldeak ondutako K-baret antzerki musikatua. "Dantzaz eta sentsualitatez betetako antzezlana" dela diote sortzaileek. Dagoeneko salgai daude sarrerak Kulturaz.eus webgunean, sei euroren trukean.

Sentsualitatez jantziko da Azpeitiko Soreasu antzokia igandean. Izan ere, bigarrenez –Azkoitian estreinatu zuten martxoan– eskainiko dute K-Baret ikuskizuna Azpeitiko eta Azpeitiko Bigoterik Gabe antzerki taldeko kideek bertan. 17:00etan hasiko da emanaldi, eta dagoeneko salgai daude sarrerak Kulturaz.eus webgunean, sei euroren trukean.

Xabier Barquero (Azkoitia, 1997) eta Kari Alberdi (Azkoitia, 1996) dira obraren zuzendariak. Gazteak izanagatik ikuskizunak prestatzen badute eskarmentua Alberdik eta Barkerok; hain zuzen ere, 2013. urtean ekin zioten emanaldiak prestatzeari, beren grinetatik abiatuta. Rise & Shine obra sortu zuten aurrena, eta Shine Again ondoren. Bi lan horiek izandako arrakastaren ondotik iritsi da K-Baret lana, "dantzaz eta sentsualitatez betetako obra". Barquerok kontatu duenez, Rise & Shine obra egiterakoan kasting bat egin zuten antzerkiarekiko interesa zuten Azkoitiko nahiz Azpeitiko gazteekin, eta orduz geroztik, antzeko jendearekin egin dute lan. "Hainbat lagun joan-etorrian ibili da, baina gehienak hasieratik daudenak dira", kontatu du Barquerok. Antzerkiko parte-hartzaileak ia berak diren arren, orain arte egindakoekin alderatuta, K-baret lana "oso ezberdina" dela diote: "Abesti aldetik, dantza aldetik, jantzi aldetik…".

K-Bareten sortzaileek arropa prestatzeko egin duten lana nabarmendu dute: "Asko landu dugu jantzien arloa. Hasieratik genekien jantziek estilo klasikoa behar zutela izan; eleganteak, disdiratsuak, lentejueladunak... Pertsonaia bakoitzari zein arropa jarri erabakitzea eta hori artistei egokitzea zaila izan da". Kontatu dutenez, istorioak eta jantziek "lotura" dute. Zuzendariei "betidanik" gustatu izan zaie kabaretaren mundua. Horrela kontatu du Alberdik: "Beti izan dugu kabareta egiteko nahia. Izan ere, kabaretean oinarritutako filmak asko gustatzen zaizkigu, eta erreferentzia asko ditugu hainbat lanetan, hala nola pelikuletan edo telesailetan. Horiek kontuan hartuta sortu dugu gure istorio propioa".

Sormen prozesu kolektiboa

K-Baret obraren sormen prozesua "berezia" izan dela kontatu du Barkerok: "Ikuskizun musikal honen prozesua ezberdina izatea nahi genuen. Hain zuzen, istorioaren gidoia denon artean sortzea lortu nahi genuen. Hau da, guk pertsonaia batzuk sortzea, istorioaren zenbait zertzelada proposatzea eta, ondoren, denok elkarrekin gidoia garatzea, ekarpenak eginez, aldaketak proposatuz...". Barkerok dio antzezlanean parte hartzen duen pertsonarentzat "aberasgarria" dela obraren sortze prozesuan parte hartzea: "Antzezlanaren sormen prozesuko partaide izanda askoz ere politagoa eta errazagoa da ondoren obra horretan lan egitea". Obra osatzeko jakintzak kolektibizatu dituzte. "Batzuek makilajeaz dakitena besteei erakutsi diete: nola makilatu, zein material erabili… Jantziei dagokienean ere, berdin. Elkarlana izan da guztiaren oinarri. Izan ere, bakoitzak dakiena besteari erakutsi dio, eta modu horretan denok ikasi dugu", azaldu du Barquerok. Beren kasa gauza ugari egin dituzten arren, herritar askoren laguntza eta babesa izan dutela azpimarratu dute, eta bidelagun izan dituzten kideei eskerrak eman dizkiete. Hil honetan bi urte beteko dira obra gorpuzten hasi zirenetik.

Soreasura bertaratzen diren ikus-entzuleek kabaret zahar bateko gorabeherak ikusiko dituzte agertokian. Aspalditik itxita zegoen Dumont familiaren kabaret zahar bat alokatuko dute Rosek eta Juliettek. Lokal horretan hainbat artista bizi da. Artista bakoitzak istorio bat eramango du lokalera, eta denak aterpe beraren azpian elkartuko dira. Ikus-entzuleak lokal horretan jazoko denaren testigu izango dira emanaldian zehar, eta Cedric Flamcourtek gidatuko du saioa. Sortzaileen aburuz, "publikoa ez da sartu bezala irtengo aretotik". Izan ere, "pertsonengan eragiteko" sortutako obra da K-Baret. "Ez genuen nahi entretenimendu hutsera bideratutako obra bat egiterik. Lan honekin jendea hausnarketara gonbidatu nahi dugu", diote.