Elkartasun bidaia

Uztarria.eus 2019ko api. 29a, 17:44

Marokoko Uniraid rally solidarioan parte hartu berri du Judhit Sagardogik. Bizipen ugari utzi dizkio bederatzi eguneko esperientziak eta horien errepasoa egin du 2019ko apirileko Uztarria aldizkariko Klik! argazki erreportajean, Maialen Etxaniz kazetariarekin.

Abentura, hastear

Otsailaren 23an hasi zen Judhit Sagardogiren (Lasao, 2000) eta Beñat Aranaren abentura solidarioa. Gaur egun, Bartzelonako RSGRUP mekanika eskolako ikasleak dira biak. Guztira, 2.000 kilometro egin dituzte kotxez, Marokoko herrixketan materiala banatzeko.

 

Autoarekin gorabeherak

Peugeot 205 autoa aukeratu zuten Sagardogik eta Aranak Uniraiden parte hartzeko. Bidaia hasi baino lau egun lehenago, baina, aukeratutako autoa matxuratu egin zitzaien, eta ibilgailu berri bat erosi behar izan zuten. 48 ordutan autoa erosi, moldatu eta Marokoranzko ferrya hartu zuten. "Orain barre egiten dugu, baina gertatutakoak orduan ez zuen graziarik", gogoratu du Sagardogik.

 

Gurpilak

Autoen erresistentzia mailak "harrituta" utzi zituen bi gazteak. Egunean 8-12 ordu egiten zituzten ibilgailuan, eta gurpilekin "hainbat komeria" izan zituzten. Ibilbideko leku arriskutsuetan gurpilen presioa jaitsi behar izaten zuten. "Egunean 5-6 aldiz puztu eta hustu behar izaten genituen gurpilak, eskuz gainera. Gimnasiora joatearen pareko ariketa!", dio Sagardogik.

 

Kanpalekuak

Leku "ikusgarriak" ikusi dituztela kontatu du Sagardogik: "Bertara joan arte imajinatu ezin diren txokoak ezagutu ditugu. Pertsona oso gutxi igarotzen diren tokietan ibili ginen, eta hori pentsatzeak emozioz betetzen gintuen". Gauak, aldiz, kanpalekuetan pasatzen zituzten, elkarren babesean. Horrek beste kideekin harremanak estutzeko balio izan diela azpimarratu du lasaotarrak: "Momentu zail asko bizitzen dira rallyan zehar: gosea, hotza, beroa, logurea... Horregatik, ezinbestekoa da elkarri laguntzea", dio.

 

Materiala

40 kilo material eraman zuten Sagardogik eta Aranak Marokora: janaria, arropa, eskola materiala, jostailuak... Nahiz eta materiala basamortuko kanpamenduetara bideratzea den rallyaren helburu nagusia, horietara bidean zihoazela topo egindako lagunei ere eskaintzen zieten materiala: "Askotan ikusten genituen pertsonak ezer ez dagoen tokietan. Gelditu, eta beraiekin egoten ginen une batez, hala nola jolasten, hitz egiten edo laguntza eskaintzen. Egoera ederra bezain zaila izaten zen batzuetan", dio Sagardogik.

 

 

Momentu bereziak

Nahiz eta esperientzia bere horretan berezia izan, egun bereziena otsailaren 28a izan zen Sagardogirentzat: bere urtebetetze eguna. Gertuko jendea urrun izanagatik, ez zen sorpresarik gabe gelditu: "Lagunek ezustekoa eman zidaten, eta hitzik gabe gelditu nintzen. Asko eskertzen dira horrelako keinuak". Halaber, Marokoko kultura gertutik ezagutzeko aukera ere izan du Sagardogik.

 

Elkartasuna, helburu

Uniraid esperientzia "izugarria" izan da Sagardogirentzat. "Bizi aurretik imajinatu ezin daitekeena". Haren hitzetan, Uniraid bezalako esperientziek "eragin handia" dute pertsonengan: "Gauzak beste modu batean ikusten laguntzen du". Horregatik, rally solidarioak merezi duela uste du lasaotarrak, eta esperientzia bizi nahi duen edonor animatu du parte hartzera.