Erroldaren %44,33ak eman du botoa 14:00etarako Azpeitian

Uztarria.eus 2019ko api. 28a, 17:01

Espainiako Gorteetarako izan ziren azken hauteskundeekin alderatuta, igoera nabarmena izan du parte-hartzeak Azpeitian. Izan ere, 2016an, azpeitiarren %33,54ak zuen botoa emanda ordu horretarako.

Espainiako Kongresurako eta Senaturako botoa ematen ari dira gaur herritarrak, eta dagoeneko jakinarazi dituzte parte-hartzeari dagokien lehen datuak. Horien arabera, Azpeitian bozkatzeko eskubidea dutenen %44,33ak eman du botoa 14:00etarako; hau da, 4.973 pertsonek.

Espainiako Gorteetarako izan ziren azken hauteskundeekin alderatuta, igoera nabarmena izaten ari da parte-hartzea Azpeitian; hain zuzen ere, 11 puntu egin du gora aurten. Izan ere, 2016an, azpeitiarren %33,54ak zuen botoa emanda ordu horretarako.

09:00az geroztik, zabalik daude hautetsontziak, eta azpeitiarrak normalatasunez ari dira botoa ematen dagokien hauteslekuetan. Goizean, jende gutxi ikusi ahal izan da bozkatzen, baina eguerdirako nabariagoa izan da herritarren joan-etorria.

Azpeitian, 11.508 herritar daude botoa ematera deituta, eta horiek 20:00ak arte izango dute horretarako aukera, orduan itxiko baitituzte hautetsontziak.

Uztarria.eus-ek, aurreko hauteskundeetan egin izan duen bezala, hauteskundeen jarraipen berezia egingo du egun osoan zehar, eta Azpeitian izan diren emaitzen berri emango du iluntzean.