40 lagun inguru elkartu ditu jantoki sozialaren lehen otorduak

Uztarria.eus 2019ko api. 26a, 19:03

Gaur, ostirala, zabaldu dute Esklabetan jantoki soziala, eta ekainera bitartean behintzat, hamabostean behin irekiko dute, ostiraletan. Herritar guztientzako irekia izango dela azpimarratu dute antolatzaileek.

Krisiaren seme-alabak taldeak gaur, ostirala, ireki ditu Esklabetan egokitu duen jantoki sozialaren ateak, joan zen astelehenean hala iragarri bezala. Azpeitiko eta inguruko herrietako 40 lagun inguru elkartu dira aurrenekoz egin duten otorduan, eta haurrak, gazteak zein helduak bildu dira mahaiaren bueltan.

Taldeak hamabostero zabalduko du jantoki soziala, ostiral eguerdietan. Ekainera arte behintzat, bi astean behin irekiko dute jantokia, baina egitasmoak hartzen duen dinamikaren eta izaten duen erantzunaren arabera, jantokiak beste maiztasun bat har dezakeela adierazi dute antolatzaileek. Haien arabera, jantoki soziala zabalduta egongo da "herritar guztientzat", eta ez da inongo baldintzarik bete beharko hara joateko.

Buruko euro bat; hori da antolatzaileek bazkariak prestatzeko darabilten aurrekontua. "Gure planteamendua da menu merkeak baina goxoak jartzea, eta etortzen denak borondatea ordainduko du; batek euro bat jar dezake, eta beste batek hiru, bakoitzak ahal duena".

"Sektorerik prekarioenetara iristea da gure helburua, baina oraingoz, ez gara horri erantzun bat emateko gai. Dena den, haiengana gerturako lehenengo pausoa izan daiteke honako hau", esan dute taldekideek. Horrez gain, "ildo horretan lanean ari garen pertsonak batzeko" espazioa bihurtu nahi dute jantoki soziala: "Espazio desberdinetan lanean ari garenok beharra sentitzen genuen gune amankomun bat sortzeko, ideiak partekatuz saretzen joan gaitezen". 

"Krisi kapitalistak bizitzaren eremu guztietan" eragiten duela eta, Krisiaren semen-alabakek oinarrizkotzat jo du "elkartasun printzipioetara" joatea, eta hainbat arrazoi plazaratu ditu horretarako: "Kapitalismoak duen bilakaera ikusita, etorkizunean gero eta prekarietate handiagoa egongo dela aurreikusten dugu, eta halako proiektuen, beraz, behar handiagoa izango da".

Taldearen arabera, lehen otordua "martxan jartzeko proba" izan da, eta behin lehenengoa eginda, egitasmoari "forma" emango diote pixkanaka. "Batzuk umeekin etorri dira bazkaltzera, eta hori ikusita, umeek elkarrekin jolasteko txoko bat jartzea pentsatu dugu hurrengorako", esan dute.