Asteartean amaituko da 'Azpeitia, elkarrekin bizi!' prozesuan izena emateko epea

Uztarria.eus 2019ko api. 26a, 13:29

Etxebizitza eredu berriak aztertzea eta abian jartze du helburu prozesu parte-hartzaileak, eta han parte hartu nahi duenak udaletxean, 943-15 72 00 telefonora deituta edo sarrera@azpeitia.eus helbidera idatzita eman dezake izena.

Azpeitiko Udalak Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesu parte-hartzailea jarri zuen martxan joan zen hilean Sanagustin kulturgunean egin zuen aurkezpenean, eta datorren asteartean, hilaren 30ean, amaituko da han izena emateko epea. Interesa duten pertsonek udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura bertaratuta, 943-15 72 00 telefonora deituta edo sarrera@azpeitia.eus helbidera idatzita eman dezakete horretarako izena.

Azpeitirako etxebizitza eredu berriak aztertzea eta abian jartzea helburu prozesuak, eta bereziki gazteei zuzenduta dago. Tokiko garapena sustatzeko espazioak, prozesuak eta estrategiak sortzen ditu Hiritik At kooperatibak, eta hura ari da gidatzen Azpeitia, elkarrekin bizi! prozesua, Udalaren eskariz. Kooperatiba horrek Euskal Herriko hainbat herritan garatu ditu "molde berriko" etxebizitzak, hala nola Errenterian eta Usurbilen.