Alex Arzelus: "Arratek mezak ematen eta trikiti erreferente izaten jarraitu behar du"

Uztarria.eus 2019ko api. 27a, 12:12

Arrate Irratian egiten du lan Azpeitian bizi izan den bergararrak. Ofizioarekin uztartu du trikiti zaletasuna. Ihintza Elustondok Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian egindako elkarrizketa da honako hau.

Arraten lanean hasi aurretik, zer ibilbide izan duzu?

Euskal Filologia ikasi ondoren, Euskal Herriko hainbat txokotan lan egiteko aukera izan dut: AEKn Donapaulen eta Donibane Garazin; Gasteizko IKA euskaltegian; eta Zuberoan umeei dantza eta trikitia erakusten. Arrate Irratian, berriz 19 urterekin hasi nintze.

Zerk bultzatuta hasi zinen Arrate Irratian lanean?

10 urte nituela, osabak bideo bat grabatu zuen, eta irudi haiei Sakabiren eta Egañazpiren musika jarri zien. Gure etxea garbitzera etortzen zen emakumeak ohitura zuen Arrate entzuteko, eta egun batean, osabak bideo hari jarritako pieza entzun nuen. Ordutik aurrera, trikitixa entzuteari ekin nion, eta Arratera deitzen hasi nintzen. Konfiantza lortu nuen bertako kideekin, eta egun batean irratian lanean hasteko proposamena egin zidaten.

Zein da zure egitekoa Arraten?

Denok denetarik egiten dugu: telefonoa hartu, e-posta mezuak erantzun, saioak prestatu... Esatari lanetan, berriz, batez ere arratsaldean aritzen naiz. Hain zuzen ere, kulturari buruzko magazine bat egiten dut. Gauean, berriz, Euskal giroan saioa gidatzen dut; trikitiaren eta jaien inguruko berriak ematen ditugu bertan.

Lanari dagokionez, zer da gehien gustatzen zaizuna?

Oso trikitia zalea naiz, eta trikitiaren munduko grabazio gehienak daude Arraten. Horiek eskura izatea pribilegio bat da niretzat. Nahi dudan musika jartzea eta jendearen eskaerak eta eskerrak jasotzea ere zoragarria da.

Nolakoa izan da Arrate Irratiaren bilakaera?

Programazio eta eduki aldetik ez da aldaketa handirik izan urteetan. Lehen zuzeneko irra-tsaioak 22:00etan amaitzen ziren, eta gaur egun, 21:00etan; behar bada, hori izan da aldaketa nabarmenena. Nire ustez, Arratek mezak ematen eta trikiti doinuak jartzen jarraitu behar du.

Zein da Arrate Irratiaren entzuleen profila?

Euskaldun tradizionala, baserri munduko jende heldua. Debabarrenera, Tolosaldera, Urola Kostara, Goierrira, Lea Artibaira eta Durangaldera iristen da irratia. Gure foko nagusiak, ordea, Azpeitia, Azkoitia, Mutriku, Elgoibar eta Markina-Xemein inguruak dira.