Erloko abioiarena

Uztarria.eus 2019ko api. 26a, 12:15

1968ko udazkenean, hegazkin arin batek istripua izan zuen Izarraizko tontorraren magalean. Bertan zihoazen hiru lagunak onik irten ziren. Mailo Oiarzabalek Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian egindako erreportajea da honako hau.

Joan den urtarrilaren 9an, hegazkin arin bat erori zen Hernion eta barruan zihoazen bi lagunak hil ziren istripuan. Bestelakoa izan zen mende erdi pasatxo atzera jota, 1968ko urriaren 6an, "Santa Fe egunean", Erlo barrenean lurra jo zuen hegazkin txikian zihoazenen zoria. Hiru lagun ziren, pilotua eta bi bidaiari, eta bizirik atera ziren hirurak.

Oranda Goiko Pilar eta Maria Jesus Garate ahizpek gogoan dute istripuaren biharamunean baserrian hartu zuten ezusteko bisita. "Astelehen goiza zen, gure aita [Lorentzo Garate] ardietara joan zen mendira, eta han egin zuen topo istripua izan zutenekin", kontatu du Pilarrek. Bezperan, mendian, iluntze aldera, Oranda Goiko anaietako batek ere "oso behetik" pasatu zen hegazkin baten zarata entzun zuela kontatu dute ahizpek. "Ikusi ez, laino handia omen zegoen eta, baina entzun bai, pasatzen".

Igande iluntzean erori zen nonbait abioia Izarraitzen, eta mendian igaro behar izan zuten gaua bidaiariek, "non zeuden arrastorik gabe", garatetarren aita iritsi arte. "Behe laino artean deiadarrak entzun eta aurkitu zituen. Gure aita ikusi zutenean, salbazioa izan zen haientzat. Urria zen, eta sasoi hartan inor gutxi ibiltzen zen paraje haietan", kontatu du Maria Jesusek. Aita Lorentzo hiru lagunekin itzuli zen egun hartan etxera, bere mandoaren gainean bat eta beste biak oinez ondoan zituela. Gogoan du oraindik, une hartan 16 urte zituen Maria Jesusek. "Andre-gizonak eta pilotua ziren. Mandoaren gainean zetorren bikoteko gizona; niri orduan zaharra iruditu arren, 40 bat urte izango zituen. Zauriak zituen, odolduta zegoen eta orkatila apurtuta zuen. Emakumea ile-hori maja bat zen, 25-30 urte izango zituen, eta pilotua ere ile-hori altu guapo bat zen, hura ere 25-30 urte ingurukoa. Haiek barre ederki egiten zuten, lasai zeuden; mando gainekoa zen han serio zetorrena, bere bizarrarekin eta".

Baserrian bisita jasotzen zuten aldiro bezala, "lehenengo lana zerbait ematea" egin zuten Orandakoek istripua izandakoei; katilu bana esne eskaini zieten, atzerritarrek gustura hartu zutena. Atseden beharra ere bazutenez, baserriko logela bat eskaini zieten, bertan lasai egoteko.

Suitzarrak, Hondarribira

Maria Jesusek gogoan ditu hiru lagunek eta etxekoek elkar ulertzeko zituzten zailtasunak. "Alemanak, errusiarrak... Ez dakit izatez nongoak ziren, frantsesak-eta ez ziren", dio. Guardia zibilei abixua eman zieten Orandakoek, eta haiek igo ziren baserrira, ireki berria zuten pistatik. Etxea guardia zibilez "bete" zitzaiela kontatu du Maria Jesusek, "astindu zizkiguten bazterrak, hango paper festa". Militarrek ere, hizkuntzaren traba medio, abioiko hiru lagunekin hartu-emanetan zailtasunak izan arren, guardia zibilekin alde egin zuten hiru ezusteko bisitariek; Izarra hotelera eraman zituzten. Eta horrela galdu zuten Oranda Goikoek abioiko hirukotearen arrastoa.

Garaiko prentsan, ordea, jaso zuten gertatutakoa, eta bidaiarien nortasunaren berri eman ere bai. La Voz de España egunkarirako idatzi zuen kronikan, abioiko hirurak Peter Dieter Eberlo pilotu alemana eta Ernest eta Elisabetha Diggelman senar-emazte suitzarrak zirela kontatu zuen Joxe Elizburu Azpeitiko berriemaileak. Hiruren adinak ere aipatu zituen, eta Maria Jesus Garate ez zebilen, ez, erratuta: 25 urte zituen pilotuak, 37 bikoteko senarrak, eta 28 haren emazteak. Stinson etxeko hegazkin arina Genovatik zetorrela zioen Elizburuk; ezin jakin, ordea, Genova hori Suitzako Geneva al zen –litekeena, bidaiarien jatorria eta hizkera kontuan hartuta–, ala Italiako Genoa. Dena dela, Hondarribiko aireportua zuten helmuga bidaiariek, baina laino itsuak Erlon utzi zituen.

Orkatilan min hartutakoa emakumea zela ere bazion Elizburuk, baina datu hori ez dator bat Maria Jesus Garatek ikusitakoarekin.

"Ez sinestekoa"

Ingurua ezagututa, hegazkinekoak bizirik ateratzea "sinesgaitza" zela zioen Elizburuk bere kronikan, eta bat datoz baieztapen horrekin Oranda Goiko ahizpak. Erlo barreneko harkaizti artean, baina "leku onean erorita" zegoela dio Pilar Garatek. Abioikoen zortea "ez sinestekoa" izan zela gaineratu du Maria Jesusek, inguruan zuten harkaitz pila ikusita. Sasoi hartan Oielantzungoena zen bordatik gertu zegoen abioi txikia, sakonune batean. "Miraria izan zen" bidaiariak onik irtetea, Oranda Goikoen hitzetan.

Guardia zibilekin baserritik alde egin zutenetik, ez dute abioi hartakoen berririk izan Oranda Goikoan, "haiek emandako diruarekin aberastu" egin zirela ere zabaldu zen arren, Pilarrek umorez gogora ekarri duen bezala. "Nahi genuen jakin haien berri. Txartel bat eman zidaten, beren datuekin, baina hura ere desagertu egin zen. Nik armairu izkina batean utzi nuen, baina haren bila itzuli nintzenean, ez zegoen. Uste dut guardia zibilek hartu zutela txartela", azaldu du Maria Jesusek. Izarra hotelean ostatu hartuta hiru bat egun egin zituztela dakite, baina haiekin harreman gehiago ez zuten izan Lorentzo Garatek eta haren etxekoek, eta "pena" horrekin gelditu zirela diote Oranda Goikoek. Hilabete batzuk igaro ondoren, aita guardia zibiletan galdezka izan zela ere gogoan dute alabek, mendian aurkitu zituenetaz jakin nahian, baina ez zioten argibiderik eman.