Gaitza, garesti

Uztarria.eus 2019ko api. 25a, 14:10

Gaixotasun konplexua, ezezaguna zein garestia da zeliakia, gaitz hori dutenentzat eta haien senideentzat. Haietako batzuekin hitz egin du Uztarriak. Ane Olaizolak Uztarria aldizkariaren 2019ko apirileko zenbakian egindako erreportajea da honako hau.

Saltoki askotan ohikoa izaten den moduan, saltzaileak opil bat eskaini dio haurrari hura agurtzean, baina Andoitz Ugartemendia (Azpeitia, 2016) 2 urte eta erdiko mutikoak ezin duela jan erantzun dio, gailetak glutena duelako. Zeliakoa da Andoitz, eta 2 urte izanagatik, garbi du proteina horrek zer eragiten dion gorputzean: "Mina". Maddi Garate (Azpeitia, 2003) 16 urteko gaztea ere etiketen menpe bizi da, eta hark ere glutenik gabeko dieta zorrotza jarraitu behar du osasuntsu egon ahal izateko, bera ere zeliakoa baita. Gariak, garagarrak, zekaleak, espeltak, kamuetak edota oloak duten proteinak eta horiekin harremanetan egon diren elikagaiek kalteak eragiten dizkie esteetan, eta oztopoak oztopo, glutena kontsumitu gabe ohiko bizimodua egiten saiatzen dira bi azpeitiarrak.

Maddik 2 urte zituenean jakin zuten haren gurasoek alaba zeliakoa zela. Hainbat hilabete igaro zuten medikuarengana bueltaka, besteak beste, alabak tarteka botaka egiten zuelako. Gainera, gurasoek gogoratzen dutenez, alaba beti triste eta zurbil egoten zen, ia irribarrerik egin gabe eta ondoezak jota. "Behin, Maddi arroparik gabe ikusi zuen nire aitak, eta segituan esan zigun alaba medikuarenera eraman behar genuela. Aitari arreta piztu zioten Maddiren izter meheek eta tripa oso puztuak", adierazi du Itsaso Zubizarretak (Azpeitia, 1971), Maddiren amak. Donostia Ospitalera joan ziren egun hartan bertan, eta han egindako frogen emaitzek baieztatu zuten alabak zeliakia zuela.

Janire Ugartemendia (Azpeitia, 1987) Andoitzen amak ere antzeko sintomak aipatu ditu semearen kasuaz hitz egiterakoan: "Beherako asko egiten zuen eta puztutako sabel handia zuen, baina medikuarengana joaten ginen bakoitzean, semea pisatu eta etxera i-tzultzen ginen. Gauero esnatzen hasi zen, eta minez igarotzen zituen gauak". Lau bat hilabete igaro zuten gisa horretan, eta "asko tematu ondoren", froga analitikoak egin zizkioten Andoitzi. Gaixotasun zeliakoak positibo eman zuen umearen analitikan. Andoitzek 15 hilabete zituen orduan.

Oraindik orain, ezezaguna da zeliakia gaitza, eta hasieran halaxe zen bi familientzat ere. "Izugarrizko zaplaztekoa hartu nuen Andoitzi zeliakia diagnostikatu ziotenean. Gogora-tzen naiz goiz hartan medikuari bost aldiz deitu niola, semeak zer jan zezakeen eta zer ez galdetzeko", dio Ugartemendiak. Maddiren gurasoentzat ere ezustekoa izan zen alabaren diagnostikoa; horiek ere atsekabez hartu zuten berria. "Une hartan, zerbait txarra eta larria bezala hartu genuen. Orain, badakigu zeliakoa izatea ez dela arazoa, baina orduan modu horretan erreakzionatu genuen, ez genekielako zer zen". Gaixotasun zeliakoa diagnostikatzean, askoren galdera zera izaten da: "Zer jan dezaket orain?". Ziurgabetasunaren aurrean, familiek inguruko zeliakoengana eta Euskadiko Zeliakoen Elkartera jo zuten, eta iturri desberdinetatik hasi ziren informazioa biltzen. Gaur egun ere, elkarte horretatik jasotzen dute beraien seme-alabek jan ditzaketen jakien edota Euskal Herrian dieta zeliakoa eskaintzen duten jatetxeen zerrendak.

Glutenik gabeko "edozer" elikagai jan dezakete zeliakoek, eta azken urteetan, proteina hori gabeko produktuen eskaintza asko hazi dela adierazi du Jon Garate (Azpeitia, 1967) Maddiren aitak. "Orain, etiketa guztietan jartzen dute produktuak glutenik ba al duen edo ez, baina lehen, pentsaezina zen hori. Esaterako, marka zuriek ez zuten halakorik jartzen, eta beraz, guztia markakoa erosi behar izaten genuen. Gailetak edota pasta bereziak jan behar ditu Maddik, baina jogurtak, esaterako, guk jaten ditugun berberak kontsumitu ditzake. Dena den, produktuaren etiketan glutenik ez duela jartzen ez badu, ezin du arriskatu". Maddik onartu du "etiketen menpe" bizi dela. Gainera, glutenik ez duten produktuetan arreta jartzeaz gain, kontuan hartu behar du jaki hori ez dagoela "kutsatuta"; izan ere, jakiak ekoiztean edo prestatzean aurretik glutena duen produkturen bat erabili bada gailu berean, zeliakoen-tzat kaltegarria izango da hori ere.

Zeliakoentzako produktuen merkatua hazi bada ere, gaixotasun hori dutenek badute zer aldarrikaturik oraindik: glutenik gabeko jakien prezioa. Izan ere, azterketen arabera, zeliakoren bat duten familiek gainontzekoek baino mila euro gehiago gastatzen dute urtean. Ugartemendiaren hitzetan, glutenik gabeko produktuetako askok glutendunen bikoitza balio dute: "Kontuan hartu behar dute ezin dutela glutendun produktuak kontsumitu gaixotasuna dutelako; ez dute kapritxoz egiten". Zubizarretak ere azpimarratu du "oso garesiak" direla zeliakoentzako jakiak, eta gaineratu du produkturik garestienak oinarrizkoenak direla, hala nola ogia, pasta, irina eta ogi birrindua. "Glutenik gabeko irin kiloak, esaterako, bost euro inguru balio du".



Ekonomikoki ez ezik, bi familiei sozialki ere eragin die zeliakiak. Ostalaritza guneek, esaterako, "aurrerapausoak" eman badituzte ere, hainbatetan zaila izan zaie tabernetan zeliakoentzako jakiak bilatzea, eta herrian bertan ere izan dute esperientzia txarrik. "Behin, afaltzera joan ginen jatetxe batera, eta zerbitzariari eskatu nion aurrez beste zerbaitetarako erabili gabeko zartagin batean egin al zitzakeen xerra eta arraultza frijitua  semearentzat, hura zeliakoa zelako. Hark erantzun zidan jatetxean lanpetuta zeudela, eta ezin izango zutela hori egin. Horren ordez, poltsako patata frijituak eskaini zizkion semeari. Altxatzeko keinua egin genuen guk, eta orduan onartu egin zuten gure eskaera", gogoratu du Ugartemendiak. Maddiren familiak ere jasan du halako kasurik, eta denborak erakutsi die egoerari aurre egiten. "Maddi umea zela, jatetxe batean esan ziguten patata frijituak izan ezik, ez zutela berarentzat ezer. Isil-isilik, guk geurea jan genuen, eta Maddi jan gabe geratu zen. Artean, guztia berria zen guretzat eta espabilatu gabe geunden". Euri asko egin du ordutik, eta dagoeneko lagunekin afaltzera joaten da  Maddi. Hark esan duenez, ondo egokitzen da herriko eskaintzara: "Beti galdetzen dut nola prestatzen duten janaria, eta moldatzen naiz dagoenera. Gainera, herrian hasi dira zeliakoentzako ogitartekoak prestatzen, eta hori irtenbide handia izan da; orain arte, lagunok ogitartekoa jan behar geneunean, etxean prestatuta eramaten nuen nik nirea kalera".

Izebergaren puntan

Maria Jesus Bernaras medikuak (Urretxu, 1956) 35 urte daramatza Azpeitiko anbulatorioan lanean, eta hark dioenez, ohikoak dira "tripetako arazoekin" joaten diren pazienteak. Dena den, argitu du glutenak arazoak sortzen dizkien pertsona guztiak ez direla zeliakoak: "Gorputzak glutena hartzen duenean, haren defentsarako egiten duen erantzun immunitarioa da zeliakia. Aldez aurretiko jarrera genetikoa egon ohi da, eta gaitz hori dutenei glutenak kalteak eragiten dizkie. Horrez gain, zeliakoek glutena hartzeari uzten diotenean, haien gorputzak erantzun positibo bat egon behar du". Sendagilearen hitzetan, horiek dira zeliakiak bete behar dituen baldin-tzak, eta glutenari intolerantzia eta alergia izatearekin bereizten du gaitza: "Intoleran-tziaren kasuan, glutenak ez die onik egiten, baina osasunean ere ez die ondoriorik eragingo; alergietan, berriz, erreakzioak asma edota bronkitisa dira".



Bernarasen arabera, 500 lagunetik bat da zeliakoa, baina bost pertsonatik batek daki gaixotasun hori duela. Izan ere, gaitz konplexua da zeliakia, eta zaila da hura diagnostika-tzea, askotariko aldaerak baititu. "Batetik, zeliakia klasikoa dago, eta haren sintomak umetan antzematen dira errazen. Ohikoa dira, esaterako, tripako mina, sabela puztuta edukitzea, pisua galtzea, ahulezia edota beherakoa. Helduen kasuan, ordea, zailagoa da an-tzematea, oso gutxitan azaleratzen direlako sintoma klasikoak: anemia ferropenikoa, nekea, digestio txarra edukitzea, tarteka beherakoa edo idorreria edukitzea dira beste sintometako batzuk, baina sintoma horiek ez dira oso zehatzak, gaixotasun askori dagozkielako. Gainera, sintomak ez dira hain nabarmenak egunerokoan, eta zailagoa da identifikatzea. Helduen kasuan, askotan, epe luzera jakiten da zeliakoak direla".

Gaitzaren konplexutasunaren ondorioz, sendagileek aktiboki bilatu ohi dute sintomen jatorria, eta pazienteek ematen dizkieten pistak jarraitzen dituzte horretarako. "Gaixotasun autoinmuneak dituztenek joera handiagoa dute zeliakoak izateko, eta horrek susmoak ematen dizkigu. Beste pistetako bat izan daiteke pazienteen zuzeneko senide bat zeliakoa izatea". Susmoak badaude, hain zuzen ere, froga analitikoak egiten dizkiote pazienteari, eta zeliakiaren emaitzak positiboak baldin badira, duodenoan biopsia bat egiten diote. "Han ikusten da kalterik edo anomaliarik ba al dagoen duodenoan". Izan ere, zeliako batek glutena kontsumitzen badu, haren esteek ez dituzte beharrezko elikagaiak hartzen, eta horrek hainbat ondorio eragin ditzake gaixoen osasunean.

Azken urteetan, asko hitz egiten da zeliakiaz, eta gaixotasun hori areagotu egin dela ere uste dute askok. "Lehen, ez nuen zeliakorik ezagutzen; orain, berriz, nire adin berean bada gaixotasun hori duen bat edo beste", esan du Maddik. Ugartemendiak eta haren senideek, berriz, jatetxea dute Beizaman, eta aurrez hala eskatuz gero, zeliakoentzat jakiak prestatzen dituzte. Hark jakinarazi duenez, azken urteetan gero eta bezero gehiagok eskatzen dituzte glutenik gabeko jakiak. Ildo horretan, Bernarasek adierazi du ez dagoela zeliakoen kasuak gehitu egin direla baieztatzen duten daturik. "Horrek ez du esan nahi zeliakoen kasuak ez direnik hazi. Zekaleen manipulazio genetikoa dela eta, zeliakoen kopuruak gora egin duen susmoa badago, baina denborak erakutsiko du hori".

Zeliakiak bere oihartzuna hartu badu ere, oraindik asko dagoela egiteko azpimarratu dute guztiek. Izan ere, gizarteak behar adinako informaziorik ez duela sumatzen dute. Deia ere luzatu diete herritarrei, zeliakiarekiko kontzientzia har dezaten eta gaixotasun hori dutenek bidea errazago izan dezaten.