Passepartout eta Natali taldeek Sanagustin kulturgunea hartuko dute etzi

Uztarria.eus 2019ko api. 24a, 13:12

Arkupehotsak egitasmoaren barruan eskainiko dituzte kontzertuak bi taldeek. 22:30ean hasiko dira zuzenekoak.

Passepartout eta Natali taldeek kontzertu bana eskainiko dute etzi, ostirala, Sanagustin kulturgunean. 22:30ean hasiko dira haien emanaldiak, eta taldeek Arkupehotsak egitasmoaren barruan eskainiko dituzte zuzenekoak.

Azkoitiko bost musikarik sortutako taldea da Passepartout: Itzi Beitiak —teklak—, Jontxu Apek —baxua—, Ruben Lizarraldek —gitarra—, Tomas Lizarazuk —gitarra eta ahotsa— eta Xabi Arrietak —bateria—. Esperimentazioa dute gustuko eta horixe dute oinarri beraien abestietan, eta elkarrekin ibilibidea hasi zutenetik bi disko kaleratu dituzte: Passepartout eta Sinergia. 2017an, berriz, Gaztea Irratiaren maketa lehiaketako entzuleen saria irabazi zuten. 

Urte berean jaio zen Natali proiektua, Usurbilen. Natali Izagirrek eta Ixak Arrutik eratu zuten taldea, bakoitzak bere ibilbidean ikasitakoa elkarbanatzeko gogoz. Ondoren, proiektuari bultzada emateko asmoz, Gorka Mendizabal, Andres Insua eta Olaia Inziarte batu ziren taldera, eta iaz Garena lehen diska grabatu zuten. Pop doinuak estilo desberdinekin uztartutako abestiak taularatuko dituzte etzi Sanagustinen, publikoa istorio eta sentimenduetan barreiatuz.