Eskupilotako eta gomazko paletako taldeak, Gipuzkoako Herriartekoari ekiteko prest

Uztarria.eus 2019ko api. 17a, 12:19
Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren aurkezpena. (Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioa)

Aurkeztu dute Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren aurtengo edizioa. Eskupilotan, Donostiaren aurka jokatuko du lehen kanporaketa Azpeitiak. Gomazko paletan, berriz, Anoetaren aurka neurtu beharko dituzte indarrak.

Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa aurkeztu zuten atzo, asteartea, Donostiako Araeta sagardotegian. Eskupilotan eta gomazko paletan lehiatuko da Azpeitia aurtengo edizioan.

Eskupilotan, final zortzirenetan batuko da Azpeitiko taldea lehiara. Donostiaren aurka jokatuko du lehen kanporaketa, maiatzaren 19ko eta 26ko asteburuetan. Azpeitiko taldea finalera iristen baldin bada, ekainaren 29an neurtu beharko ditu indarrak, Donostiako Atano III.a pilotalekuan. Nabarmentzekoa da Azpeitiak irabazi dituela azken lau urteotako txapelak.

Gomazko paletan, aurreneko kanporaketa Anoetaren aurka jokatuko du Azpeitiak. Final zortzirenetan batuko dira palistak ere lehiara; maiatzaren 12an eta 19an jokatuko dituzte lehen jardunaldiak. Finala, berriz, ekainaren 23an izango da.