Hasi dituzte Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorriaren bigarren faseko lanak

Uztarria.eus 2019ko api. 16a, 10:30

Joan den astean hasi zituzten Atxubiagako biribilgunea eta Urrestilla lotuko dituen bidegorri zatiaren obrak. Altuna y Uria enpresa ari da lanean, eta milioi bat euroko aurrekontua dute obrek. Lanak lau hilabetean amaitzea aurreikusten dute.

Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorriaren bigarren faseko lanak martxan dira. Atxubiagako biribilgunea eta Urrestilla lotzeko, 1.550 metroko luzera eta hiru metro zabal den bidegorria egingo du Altuna y Uria enpresak. 1.009.672,40 euroko (%21eko BEZ barne) aurrekontua dute bigarren faseko lanek, eta lau hilabetean bukatzea aurreikusten dute. Bidegorriaren ibilbidea egin ahal izateko, Aldundiak Azpeitiko Udalari utziko dizkio lurrak, eta Udala izan da bigarren faseko lanak esleitu dituena.

Joan den urteko irailean amaitu zituzten bidegorriaren lehen faseko lanak. Hain zuzen, Landetako okindegi zaharraren paretik Atxubiagako biribilgunera arteko bidegorri zatia egokitu zuen Udalak lehen fase horretan. Obrek 195.539,90 euroko aurrekontua izan zuten.

Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak 2017ko azaroan sinatu zuten bidegorria egiteko hitzarmena. Bi erakundeek orduan azaldu zutenez, bidegorria 2019 urte hasieran amaitzea zen helburua. Guztira, 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute Azpeitia eta Urrestilla lotuko dituen bidegorriaren lanek. Foru Aldundiak ordainduko du zenbateko horren %75a, eta Azpeitiko Udalak %25a. Lanak gauzatzea, aldiz, Udalaren kontu izango da.

Bide luzearen kronologia

2015eko udaberrian hitzartu zuten Udalak eta Aldundiak bidegorria egitea; lanak urtea bukatzerako hasiko zituztela esan zuten orduan, baina ez zen halakorik gertatu. Foru hauteskundeak etorri ziren, haiekin gobernu aldaketa, eta Azpeitia-Urrestilla bidegorriaren proiektua ez zen kontuan hartu 2016ko aurrekontuetan. Mugikortasun saileko arduradunek adierazi zuten Diputazioaren aurrekontu proposamenean aurreikusita zegoela Urrestillarako bidegorriaren proiektua, eta aurrekontuak onartzeko bilkuran ikusiko zela horri buruzko azken erabakia. Foru Aldundiko iturriek esandakoaren aurrean, aldiz, 2016rako aurrekontuen zirriborroan Aldundiak Urrestillako bidegorrirako dirurik ez zuela jarri baieztatu zuen Azpeitiko Udalak.

Bidegorriaren asmoa kolokan ikusita, Urrestillako bizilagun batzuek proiektua udaberrian adostu bezala egiteko eskatuz idatzia prestatu eta Aldundian aurkeztu zuten, bi egunetan jasotako 900dik gora sinaduraren babesarekin. 2016an zehar bidegorriaren eskatzeko beste hainbat egitasmo ere gauzatu zituzten urrestildarrek; nabarmenena, 2016ko ekainaren 18an egin zuten martxa jendetsua.