Kontzertu "ederra" eskaini dute Azpeitiko eta Hazparneko musika eskolek Izturitzen

Uztarria.eus 2019ko api. 15a, 14:13

Azpeitiaren eta Hazparneren (Lapurdi) senidetza harremanaren barruan, bi herrietako musika eskolek kontzertua eskaini zuten joan den ostiralean, Izturitzen (Nafarroa Beherea). Azpeitiko Juan Antxieta eta Hazparneko Soinu Bila musika eskolak elkarlanean aritu dira azken asteotan, eta elkarlan horren fruituak ikusteko eta entzuteko aukera izan zen emanaldian. Kontzertu hori prestatzeko, duela bi aste Azpeitian izan ziren Hazparneko musika eskolakoak.

Juan Antxietako 90 bat kide joan ziren Izturitzera, ikasleak eta irakasleak; Banda Gaztekoek, abesbatzakoek, trikitilariek eta txistulariek parte hartu zuten, besteak beste, emanaldian. Musika eskolakoen hainbat guraso eta Azpeitiko udal ordezkariak ere joan ziren Nafarroa Beherera. "Ekitaldi ederra" izan zela nabarmendu dute udal ordezkariek.

Azpeitian ere bai

Elkartrukea osatzeko, bi musika eskolek Izturitzen eskainitakoaren pareko kontzertua egiteko asmoa dute Azpeitian ere. Momentuz ez dute data zehaztu, baina bi herrietako ordezkariak ari dira Azpeitian ere kontzertua antolatu nahian.

(Argazkia: Aitor Bereziartua)