Autoari, matrikula; eta txakurrari, txipa

Gipuzkoako Hitza 2019ko api. 12a, 11:55

Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan kalean jasotzen dituzten txakurren %20-30ek ez dute izaten identifikatzeko txipik, jartzea derrigorrezkoa izan arren. Txiparen onurak nabarmentzeko kanpaina abiatu dute. Gipuzkoako Hitza astekariak egitasmoaren berri eman du.

Esaerak dio txakurra dela gizakiaren lagunik onena. Eta lagunik onenek elkar zaintzen dute. Txakurrak ez du inoiz bazterrean utziko jabea, eta jabeak ez luke inoiz bazterrean utzi behar txakurra, ezta txakurra izateak berekin dituen ardurak eta betebeharrak ere. Herritarrei hori gogorarazteko, Txipa ipintzeko garaia iritsi zaigu kanpaina abiatu dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udalek, elkarlanean. Hiru udalerrietan etxez etxe banatu dituzte kanpainaren informazioa jasotzen duten eskuorriak.

Kanpainaren helburu nagusia da herritarrei azaltzea zeintzuk diren txakurrei identifikazio txipa ezartzearen onurak. Txipa jartzea derrigorra izan arren, oraindik hura gabe hainbat txakur dabilelako hiru herri horietan. Azpeitiko Ekain klinikako albaitari Belen Sagastumek argi eta garbi dio: "Gipuzkoan, derrigorrezkoa da txakurrari txipa jartzea, autoa matrikulatzea derrigorrezkoa den bezalaxe". Horixe da txakur jabeek ezinbestean bete behar duten baldintza bakarra. "Adibidez, txertatzea gomendagarria da, baina ez da derrigorrezkoa; aldiz, txipa jartzea, bai".

Ordea, bestelako errealitatea erakusten dute Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako udal ordezkariek emandako datuek. Haien arabera, hiru herri horietako biztanleen %10 inguruk daukate txakurra. Datu ofiziala da hori; alegia, txipa dutenena. Baina handiagoa da benetako kopurua. Izan ere, urtean zehar udal zerbitzuek kalean jasotzen dituzten txakurren %20-30 inguruk ez dute izaten txipik. Eta galdera da: txakurrari txipa jartzea derrigorrezkoa bada, nola liteke horrenbeste txakur txipik gabe ibiltzea? Sagastumek badu azalpena. Haren esanetan, "oso zaila" da kale etxeetan bizi diren txakurrek txipik ez edukitzea. "Denek edukitzen dute. Oro har, gazte samarrak izaten dira txipik gabe azaltzen direnak, baserrietatik alde egindakoak gehienak".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.