Ezetz esan zuten

Uztarria.eus 2019ko api. 15a, 12:46
Xabier Aranbarri, Iban RaƱa eta Eusebio Beloki, intsumiso egin ziren hiru azpeitiar. (Julene Frantzesena)

Dagoeneko osorik irakur daiteke webgune honetan 2019ko apirileko Uztarria aldizkaria (PDF formatuan, hemen). Herri aldizkariaren 215. zenbaki horretan, 90eko hamarkadan derrigorrezko soldadutzari ezetz esan eta intsumiso egin ziren hiru herritarrekin hitz egin du Julene Frantzesena kazetariak, Euskal Herrian intsumisio mugimendua sortu zeneko 30. urteurrenaren harira.

"Postari zintzo horrek zer dakark karpetan? Amodio gutunik ez zegok hiretan, militarren ohar bat bitxia benetan, bidali duenari eramaiok bueltan". Ez zen kasualitatea izan Oskorri taldeak Jon Sarasua bertsolariaren hitzekin osatutako Insumisioarena abestia kaleratu izana. 1995a zen, intsumisio mugimenduaren loraldia, eta Sarasuak beretik idatzitako hitz haiekin bat egin zuten Euskal Herriko gazte batek baino gehiagok.

Beste hainbat herritan moduan, Azpeitian ere indar handia izan zuen intsumisio mugimenduak. Ehunka izan ziren Espainiako Armadara joateari uko egin zioten azpeitiarrak. Horietako hiru dira, hain zuzen ere, Xabier Aranbarri (Azpeitia, 1970), Eusebio Beloki (Azpeitia, 1970) eta Iban Raña (Azpeitia, 1976), eta Uztarriak hiru intsumisoak elkartu ditu orain dela hamarkada batzuk hartu zuten erabakiaren, borrokaren eta intsumiso izatearen ondorioen inguruan hitz egiteko.

Azpeitian soldadutzari muzin egin eta intsumiso bilakatu zen lehenengoetarikoa Roman Urrestilla izan zen. Hura 1990ean egin zen intsumiso, eta 1993an epaitu zuten. Handik urte gutxira, Azkoitiko eta Azpeitiko talde antimilitaristak hasi ziren lanean, eta asko izan ziren hainbat herritarrek aurretik urratutako bidea hartu zutenak. Rañari 18 urte egin aurretik, 1994an, iritsi zitzaion soldadutzara joateko gutuna. "Abuztuaren 19an Gasteizko kuartelean aurkeztu behar nuela zioen gutun hark. Kuadrillako bati ere egun hartarako jarri zioten zita toki berean, eta biok gaupasa eginda parrandan geundela erabaki genuen ez aurkeztea. Gero erabaki genuen intsumiso egitea", azaldu du. Aranbarrik ikasketengatik luzapena izan zuen, baina 1994. urtean Araka auzoko (Gasteiz) kuartelean hitzordua jarri zieten kuadrillako bati eta biei: "Garbi genuen ez ginela joango, eta ondoren hasi genuen intsumiso egiteko prozesua". Belokik ere luzapena eskatu zuen ikasketak tarteko, baina epea bukatzean, Aranbarriren urte berean, jaso zuen gutunak beste destino bat zuen: Ferrol (Galizia). "Zer, eta itsas armadarako deitu ninduten. Barkuan mareatu egiten naiz, eta zera joango nintzen marinara. Berdin zitzaidan Azkoitira joatea egokitu balitzait ere, banekien ez nintzela joango". Belokik beste gauza bat ere bazuen argi: ez zen kontzientzia objektore izango. "Ez nuen nahi ordezko ezer ere egin. Izan ere, ez nuen ulertzen urtebetez Gurutze Gorrian edo DYAn boluntario aritzeak zertarako balio zuen". Handik gutxira hasi zen intsumisio mugimendua indarra hartzen Azpeitian, eta hara batu zen, beste hainbat lagunekin batera.

Kontzientzia objektore izatearen ideiarekin ez zuen bat egin Aranbarrik ere: "Gauza baten ordez beste bat egitea ez nuen bidezkoa ikusten. Lan horiek egitekotan, gogoa eta denbora nuenean gauzatu behar nituela uste nuen; hau da, nahi nituelako egin behar nituela".

Intsumiso, beraz

Hiru azpeitiarrek intsumiso egitea lehenetsi zuten, arrazoi mardulak argudiatuta. Belokik azaldu duenez, "printzipio" kontua zen. Rañak ere oinarrian jarri du arreta: "Ni ez nintzen espainiarra sentitzen, Espainia ez zen nire estatua". Aranbarrik beste arrazoi bat ere jarri du mahai gainean: "Batzuentzat oso gogorra izan zen esperientzia, batek baino gehiagok egin zuen bere buruaz beste". Rañak dioenez, 18 urteko umeak "gizontzera" joaten ziren soldadutzara, baina "kirolari handienak heroinazale" bilakatzen zirela erantsi du.

Intsumiso bilakatu, eta epaiketa; hiru azpeitiarrak ere epaitu egin zituzten, intsumiso egiten ziren gainerako euskal herritar guztien moduan. Sasoi hartako kontu eta ibilera asko lauso dituzte hiru lagunek, baina epaiketa prozesuarekin ondo gogoratzen dira. Beloki izan zen hiruretan lehenen epaitu zutena, eta hark dioenez, "oso laburra" izan zen bere epaiketa. "Bi minutu ere ez nituen egin aretoan. 'Vas a declarar?', galdetu zidan epaileak, eta nik ezetz erantun nion. Beraz, kalera".

"Intsumisioa zer zen ere ez zekien" ofizioko abokatu bat egokitu zitzaion hasieran Aranbarriri, baina berehala aldatu zuen. Epaituak esan beharrekoa "landuta" eraman zuen auzi saiora: "Orri batzuk idatzita eraman nituen, euskaraz, garbi azaltzeko esan nahi nuena. Azken orduan, ordea, 'bai' edo 'ez' soilik erantzun nuen. Pantomima bat zela eta alferrikako azalpenik ez ematea erabaki nuen".

Rañaren hitzetan, "katxondeo" bat izan zen bere epaiketa: "Eneko Etxeberria [egungo Azpeitiko alkatea] zen nire abokatua, eta harekin joan nintzen 10:00etarako Gipuzkoako 2. Instrukzio Epaitegira. Nik euskaraz egin behar nuen deklarazioa eguerdian, baina hamar minutuko tartea zuela esan zion idazkariak abokatuari, eta nahi bagenuen gaztelaniaz, baina ja egingo genuela epaiketa. Hala, behintzat, hiru putre handi gaztelaniaz hasi zitzaizkidan hizketan, eta ni urduri jarri nintzen. Gaztelaniaz gaizki moldatzen nintzen, eta hanka sartu nuen. Kaka dariola nengoen; pentsa, 'estoy a favor de los gastos militares' esan nuen, kontrakoa adierazi nahi banuen ere. Enekok arraro begiratzen zidan, eta nik 'hi, zer nahi duk ba!', pentsatzen nuen neure baitan".

Raña absolbitu egin zuten. Belokiren arabera, hura izan zen absolbitu zuten lehen intsumiso azpeitiarra. "Abokatuak esan zidan ordura arte denei inhabilitazioa edo espetxe zigorra ezarri zietela, eta zortea izan nuela. Hanka sartu nuelako izango zen agian...". Aranbarriri inhabilitazioa ezarri zioten, eta Belokiri bi urte, lau hilabete eta egun bateko espetxe zigorra eta hamabost urterako inhabilitazioa.

Belokik azaldu duenez, abokatuaren, horiek fiskalekin zuten harremanaren eta militatzen zuten taldearen arabera aldatu egiten ziren epaiak. "Gainera, epaileek ja ez zuten gogorik horrela segitzeko: 'Zein da hurrengoa?', galdetuko zuten haiek. Izan ere, sozialki onartuta zegoen intsumisioa, eta erridikulua egiten ari zirela bazekiten. Erre-erre eginda zeuden intsumisoen kasuekin. Ba al dakizu zenbat gazte pasatu ziren epaitegietatik!". Harekin bat egin du Rañak, Euskal Herri osoan ikaragarrizko mugimendu antimilitarista izan zela azpimarratuta: "Gipuzkoan ere bai, baita eskualdean ere".

Aurrekari penaletan jarri du arreta Aranbarrik; izan ere, haren arabera, intsumiso bat baino gehiago kartzelatu zuten, aurrekariak zituztelako. "Nire aurretik epaitu zuten intsumisoa, adibidez, kartzelara joan zen. Bizpahiru hilabete egin zituen, eta aske utzi zuten gero, baina espetxeratu, espetxeratu zuten".

Belokiren ustez "inhabilitazioarekin jokatu" zuten Gipuzkoan. "Epaitu eta gero ezin zenuen funtzionario izan, eta zenbait gazte ari zen ordurako lanpostu publikoetan lanean. Borroka hori ere sortu zen".

Azpeitiko giroa

1994. urtearen bueltan hasi zen lanean talde antimilitarista Azpeitian. "Gazteak gehiago informatzeko" sortu zuten taldea, Belokiren arabera. "Bospasei lagun elkartzen ginen. Udaletxeko langile batek asko laguntzen zigun; izan ere, hark soldadutzara joan behar zuten herritarren zerrenda pasatzen zigun urtero. Zerrendako kide denei informazio gutun bat bidaltzen genien, baita haien gurasoei ere. Eta bilera bat egiten genuen intsumiso egitea zer zen azaltzeko". Bospasei urtez aritu ziren lan horretan Kakitzateko kideak.

Belokik dioenez, borroka "indartsua" izan zen. Aranbarrik ere hala uste du, nahiz eta distantziara "zaila" zaion zenbaterainokoa izan zen neurtzea. Ekintza ugari ere egin zuten urte haietan, hala nola Loiolan hankak porlanetan sartu eta errepidea moztu edo udaletxean kateatu. Protesta haietan hainbat lagun identifikatu zutela gogoratu dute hiru intsumisoek. Gainera, atxiloketa batzuk ere izan ziren; 1996an Iñigo Goenaga intsumisoa atxilotu zuen Ertzaintzak, eta 1997an, berriz, Iñigo Aizpuru.

Dena den, argi dute Gipuzkoan intsumiso batzuk atxilotu bazituzten ere –Xabier Etxeberria Etxe azkoitiarra, adibidez–, Nafarroan jasan behar izan zituztela ondorio latzenak. "Gazte pila bat sartu zuten kartzelara, egurra eman zuten. Nafarroa beldurra zabaltzeko laboratorio gisa erabili zuten, baina alderantziz atera zitzaien jokaldia", esan du Rañak. Belokik dioenez, Bizkaiko zati batean ere "gogor" hartu zituzten intsumisoak, baina haren erabera, ordurako indarra hartuta zegoen intsumisio mugimendua. "Euskal Herritik penintsulara zabaldu zen intsumisio mugimendua, eta estatuak ikusi zuen jai zuela", gaineratu du Rañak.

 

 

"Merezi izan zuen"

Kartzela zigorrak eta inhabilitazioak alde batera utzita, borroka gogoangarria izan zela uste dute azpeitiarrek. Hala eta guztiz, etxean intsumiso egin zela esatea "gogorra" izan zela adierazi du Belokik. "Gauza berri bat zen, borroka berri bat, eta etxekoek ez zekiten zer gertatuko zitzaigun; geuk ere ez genekien zer gertatuko zen gurekin. Izan ere, ikusten genuen Nafarroan zer gertatzen zen, eta...". Aranbarrik ez ezik, haren familiak ere "garbi" zuen intsumiso egingo zela. "Lantokian, ordea, pixka bat harritu ziren esan nuenean", azaldu du. "Arrazoituz gero, logikoena zen soldadutza zergatik ez zenuen egingo ulertzea", gaineratu du Belokik. "Beldurra zegoen, ordea", erantzun dio Rañak: "Informazio falta latza zegoen etxeetan, eta telebistak kartzela besterik ez zuen aipatzen. Etxean hala esaten zidaten: 'Intsumiso nola egingo haiz ba! Objektore joan hadi!'. Nik ezetz, ez nintzela objektore egingo".

Intsumisoek azaldu dutenez, merezi izan zuen borroka egiteak. "Amesten genuen borroka irabaztea ikaragarria izan zen. Kartzelatu edo ez aparte lagata, soldadutza kentzea lortu zen", esan du Belokik. Aranbarrik dioenez, "norbere pentsaerarekin eta erabakiarekin bat" egitea izan zen borroka hura. "Baina bueltan etorri zena etorri zen, nahiz eta Gipuzkoan ez zen hainbesterainokoa borroka egiteagatik etor zitekeena. Hala ere, besteren batek esan dezake hori ez dela horrela, lanpostu eta kargu publikoetarako inhabilitazioa tarteko, ofizioa baldintzatu ziotelako".

Rañak lortutakoa azpimarratu du, lanean aritu zirenei keinu eginda. "Batzuei asko eragin zien borrokak, beste batzuei batere ez, baina borrokarik izan ez balitz, egoera berean eta lehengo haien gisan egongo zen ondorengo asko".

Aranbarrik azaldu duenez, "kaletik sortutako mugimendua izan zen eta kalean geratu zen". Dena den, 1997an, adibidez, bost puntuko mozioa aurkeztu zuen Azpeitiko talde antimilitaristak udalean. Hain zuzen ere, udalean Zigor Kode berriko inhabilitazioak praktikan ez jartzea; herri desmilitarizatuaren alde lan egitea; soldadutzaren ordezko zerbitzua egiteko objetoreak ez hartzea; soldadutzarako erreklutamenduetan parte ez hartzea; eta intsumisoei elkartasuna adieraztea (orduan Martutenen Xabier Etxeberria Etxe intsumiso azkoitiarra preso zegoen) jasotzen zuen testuak. Mozioa ez aurrera eta ez atzera gelditu zen, baina aurrerago intsumisoei eta objektoreei abokatu zerbitzua doan jartzea erabaki zuen erakundeak.

Derrigorrezko soldaduskaren azken hiru urteetan azpeitiarrik ez zen joan zerbitzu militarra egitera. Belokik dioenez, "horixe" zen helburua, eta argi geratu zen mugimendua "oso indartsua" izan zela. "Jendeak ikusi zuen zer zegoen, eta...", erantsi du Aranbarrik. Rañak dioenez, berriz, "beldurra" zabaltzea nahi bazuten ere, ez zuten lortu. "Izugarrizko egurra eman zieten lehen intsumisoei, baina ondorengoak beldurtu baino indartu egin zituzten". Aranbarrik azaldu duenez, ikusten zuten bazetorrela soldadutzaren gainbehera: "Ez zen bat-batekoa izan. Noski, poza sentitu genuen prozesu baten ostean etorri zen zerbait izan zela ikusita".

Europako herrialde gehienetan orain hamarkada batzuk desegin zuten derrigorrezko zerbitzu militarra, baina berrezartzeko mamuak ez dira desagertu orduz geroztik. Izan ere, hainbat herrialdetako agintariak agertu izan dira derrigorrezko zerbitzu militarra ezartzearen alde –Frantzian, adibidez–. Aranbarrik dioenez, baina, "imajina ezina" da derrigorrezko soldadutza berriz jartzea, "izugarria litzateke".

Libratu ziren

Asko izan ziren intsumiso egin gabe derrigorrezko soldadutzara ez joatea lortu zuten herritarrak. Horietako bat da Esteban Campos (Azpeitia, 1970). 1988an jaso zuen azpeitiarrak Espainiako armadara joateko deialdia. Intsumisio mugimendua ez zegoen oso hedatuta garai hartan, eta beste bide bat hartu zuen Camposek.

Soldaduskara joateko abisua jaso aurretik izan zuen libratzeko aukeraren berri. "Loiolan bazen Intxaurrandieta-edo deitzen zen apaiz bat. Jendea libratzen zuen diruaren truke, eta kalean esan zidan pisuagatik libratzea izango nuela". Baina, garaia iritsi zitzaionean, Campos ez zen Loiolara joan pisatzera. "Deitu zidatenean neukan pisua alegatu nuen, udaletxean edo. Donostiara joan behar izan nuen neurtzera eta pisatzera. Noski, gero bi urtez pisu horretan mantendu behar izan nuen". Eta soldadu joan gabe libratu egin zen: "Dieta ederra egin behar izan nuen gero!", oroitu du barrez. "Niretzat soldadu joatea zen... Urtebete alferrik galtzeaz gain, gauza onik ikasteko batere ez...".

Camposez gain, asko izan ziren libratzearren "edozer" egin zuten herritarrak. Bada haginetan kobrea sartu zuenik, simaurretan zikindutako arroparekin aurkeztu zenik ere bai, baita gaixo itxurak edo nerbioetatik jotakoaren plantak egin zituztenak eta gorreria irudikatu zutenak ere. Soldaduskarako gai ez zirela frogatu nahi zutenek Burgosera (Espainia) joan behar izaten zuten militarren mediku auzitegira; batzuk libratu ziren, eta saiatuagatik, beste batzuk ez.