Irailaren 16an hasiko da Eneko Ibarguren eta beste 46 lagunen kontrako epaiketa

Uztarria.eus 2019ko api. 11a, 14:40
Eneko Ibarguren, hari babesa agertzeko Azpeitian egin zen ekitaldi batean.

Fiskalak 13 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Ibargurenentzat, baita 4.800 euroko isuna eta 8 urteko inhabilitazioa ere. Herrirako kide izateagatik, "erakunde terroristan" parte-hartzea eta "terrorismoari gorazarre egitea" leporatzen dio fiskalak azpeitiarrari. Auzipetuek azaldu dutenez, euskal presoen eskubideen aldeko lana egin dute, eta auzibidea "estatuaren estolderietan sortutako astakeria juridiko eta soziala" dela salatu dute.

Euskal presoen babes taldeen aurkako epaiketak badu hasiera data: irailak 16. "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, 47 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, eta tartean da Eneko Ibarguren azpeitiarra. Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdiak eskatu ditu auzipetu guztientzat, gainera hainbat urtez zaintzapean egotea eta isun ekonomikoa ere galdegin du horientzat. Hain zuzen ere, fiskalak 13 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra eskatzen du Ibargurenentzat, baita 4.800 euroko isuna eta 8 urteko inhabilitazioa ere. Herrirako kide izateagatik, "erakunde terroristan" parte-hartzea eta "terrorismoari gorazarre egitea" leporatzen dizkio fiskalak Ibargureni. Hiru hilabete iraungo du 11/2013 sumarioaren epaiketak.

2013ko irailean Herriraren kontra eginiko polizia operazioan du jatorria 11/2013 sumarioak. Izan ere, Herrirako kideekin batera, sumario horren barruan sartu zituen Eloy Velasco epaileak ondoren atxilotutako abokatuak nahiz Etxerat eta Jaiki Hadiko kideak. Epaile horrek egin zuen instrukzioa, eta Auzitegi Nazionaleko fiskalak bat egin zuen haren tesiarekin. Horren arabera, "ETAren espetxe frontea" osatzen dute auzipetuek, eta "erakunde terroristako kide" izatea leporatzen die ia denei. Auzipetze autoan, baina, epaileak berak aitortu zuen aztertutako dokumentuetan ez dutela aurkitu ETAren eta ustezko Koordinazio Gunearen artean lotura zuzenik eta harreman organikorik zegoela esateko moduko "inongo daturik".

Ibarguren 2013ko irailaren 30ean atxilotu zuen Guardia Zibilak, Herriraren kontra egindako operazioaren barruan; "Gipuzkoako Herriraren zuzendaritzako kide izatea" egotzita atxilotu zuten azpeitiarra. Lau egun beranduago, urriaren 3an, utzi zuen aske Velasco epaileak berak. Egun berean harrera egin zioten Azpeitian; eta hurrengo egunean, berriz, elkarretaratze jendetsua izan zen plazan, Ibargureni babesa agertzeko eta presoen inguruko mugimenduaren kontrako erasoa salatzeko.

2015eko urtarrilean, berriz, 2013ko Herriraren kontrako sarekadan atxilotutako guztiak deklaratzera deitu zituzten, tartean Ibarguren, langileen aurkako delitua egotzita. 11/2013 sumarioa da Velascok orain irekitakoa eta, hor, aparteko pieza modura sartu du auzi ekonomikoa, abokatuen eta Herrira-ren diru kontuekin lotuta. Zergarik ez ordaintzea eta dirua zuritzea egotzi diete abokatuei, eta langileen segurtasunaren aurkako delitua Herrirari.

Epaiketa, sei urtera

Ibarguren eta Herrirako beste hainbat kide atxilotu eta sei urte pasatxora jarri dute epaiketarako data. Auzipetuek ohar bidez azaldu dutenez, urte guztiotan "presente" izan dute epaiketa "edozein unetan" iritsiko zela. Gainera, horiek gogorarazi dute hamabostean behin epaitegira joan behar izaten dutela sinatzera, eta adierazi dute Espainiatik ateratzeko debekua izan dutela. "Egoera horrek gure bizitzak baldintzatu ditu, gureak eta gure ingurune hurbilarenak, maite ditugun eta gaituzten horienak". Auzipetuek adierazi dutenez, "espetxearen mamua" dute parez pare: "Gure hurbilekoek gure ausentziaren, sakabanaketaren eta finean maite duten pertsona bat preso izatearen mamua dute parez pare. Egoera gogorra da beraz, ez dugu ukatuko".

11/2013 sumarioan sartu dituzten herritarrek azaldu dutenez, euskal presoen eskubideen aldeko lana egin dute: "Euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak antolatzea, presoen osasuna zaintzea, presoak epaitegietan defendatzea, bitartekari lanak egitea, presoen senideak izatea eta sakabanaketari aurre egiteko antolatzea izan da gure lana, eta hori da epaitzera doazena. Kausa justu baten alde antolatu gara, elkartasuna antolatu dugu, giza eskubideak aldarrikatu ditugu, eta presoak eta iheslariak herrian egon daitezen lan egin dugu".

Auzibidea "estatuaren estolderietan sortutako astakeria juridiko eta soziala" dela salatu dute auzipetuek. Izan ere, horien arabera, beren lana "erabat publikoa" izan da, eta helburu argiak zituen: "Euskal presoen eskubideak errespetatuak izatea, Euskal Herraian justiziazko bake egoera bat behingoz finkatzeko". Epaituek auziaren "bidegabekeria" salatuko dutela esan dute, eta adierazi dute bide hori herritarrekin batera egin nahi dutela. "Etorkizun berri batean sinesten dugu; justizian, inolako indarkeriarik gabe eta bakean bizi den Euskal Herri bat nahi dugu. Egia, enpatia eta zubigintzaren bidez, gure eskuak eta gogoak prest daude bide hori egiteko".