Euskarazko bederatzi dosi, Soreasu antzokian

Uztarria.eus 2019ko api. 11a, 14:13
Laburbiraren XVI. edizioko argazkia. (Paola Moto)

Laburbiraren XVI. edizioak geldialditxoa egin zuen atzo, asteazkena, Soreasu antzokian. Hotzean garbitu filmeko zuzendariak beren grabaketa prozesua kontatu zien ikus-entzuleei.

Dozena bat lagun batu ziren atzo gauean Soreasu antzokian, Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen Laburbira zirkuitu ibiltarian. Euskarazko bederatzi film ikusteko aukera izan zen bertan, eta amaieran, Hotzean garbitu filmeko Marta Teijeira zuzendariak grabaketa prozesua nolakoa izan zen azaldu zuen. Teijeirak azaldu zuenez, filmak garbitoki batean sortutako maitasun istorio bat kontatzen du eta "euskarazko film fresko eta dibertigarri" bat egitea zuten helburu.

Guztira, 35 herri zeharkatuko ditu Laburbirak apirilaren 17ra bitartean, Euskal Herrian nahiz nazioartean. Euskarazko zinegintzaren "dosi txiki eta dibertigarriak" zabaltzea du helburu Euskaltzaleen Topaguneak.