Ostiralean bukatuko da Kultur Sorkuntza Bekara proiektuak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2019ko api. 10a, 12:18
Iaz beka jaso zuten lagunak nahiz Udaleko eta Kultur Maiako ordezkariak.

Laugarren urtez jarri dute martxan egitasmoa, eta sortzaile berriek ostirala bitartean izango dute proiektuak Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkezteko aukera. 16 urtetik gorako herritarrek edozein kultur adierazpidetako proiektuak aurkez ditzakete. 12.000 euro bideratuko dituzte Udalak eta Kultur Mahaiak antolatutako bekaren aurtengo ediziora.

Ostiralean, apirilaren 12an, bukatuko da aurtengo Kultur Sorkuntza Bekara proiektuak aurkezteko epea. Sortzaile berriek apirilaren 12ra bitartean izango dute proiektuak Udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkezteko aukera; astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara bitartean, eta larunbatetan, 12:30era bitartean.

Herritarrek honako agiri hauek aurkeztu beharko dituzte eskaera orriarekin batera:

  • Eskatzailearen eta/edo ordezkariaren Nortasun Agiriaren kopia.
  • Kontu korrontearen titularitatea egiaztatuko duen agiria.
  • Dirulaguntza eskatzen den proiektuaren gaineko azalpen txostena. Proiektu hau ondorengo letra estilo eta neurrian idatzi beharko da: Garamond (12 pt), Times New Roman (12 pt), Courier (12 pt) edo Arial. Gehienez, alde bakar batean idatzitako hamar orrialde izan beharko ditu txostenak.
  • Curriculum Vitaea, kultur arloan izandako lan-eskarmentuari mugatutakoa.
  • Proiektuak hala eskatzen duenean, beharrezkoak izan daitezkeen egilearen eskubideak errespetatuko direla adierazten duen zinpeko aitortza.
  • Aurkeztutako proiektua lehenagotik eginda ez dagoela adierazten duen zinpeko aitorpena.
  • Proiektuaren gastuen eta diru sarreren aurrekontu zehatza. Aurrekontua orekatua izango da, hau da, diru sarreren eta gastuen kopuruak berdinak izango dira, eta diru sarreren atalean eskatzen duen bekaren kopurua jarri beharko da.
  • Administrazioarekin Gizarte Segurantzako betebeharrak eta zerga obligazioak egunean daudela egiaztatzea. Eskaria 3.000 eurotik beherakoa bada, nahikoa izango da horri buruzko zinpeko aitorpena aurkeztearekin.
  • Zinpeko adierazpena, beste diru sarrera batzuk badauden edota beste erakunde batzuetan dirulaguntza eskatu duen adierazten duena.
  • Eskatzaileak onuradun izateko ezintasun egoerarik ez duela adierazten duen lekukotasuna, ziurtagiria edo, hala badagokio, ardurapeko aitorpena.

16 urtetik gorako herritarrek aurkeztu ahal izango dituzte proiektuak. Sortzaileek edozein kultur arlotako proiektuak aurkez ditzakete, hala nola musikari, pinturari, eskulturari, literaturari, antzerkiari, zinemari, komikiei, soinuari, ikus-entzunezkoei, dantzari eta abarri lotutakoak. Epaimahaiak hainbat ezaugarri hartuko ditu kontuan proiektuak aukeratzerakoan. Honako hauek, besteak beste: proiektuak kultur arloari egiten dion ekarpena; jendarteko integrazioan duen eragina; estrategikoa izatea; sormena, originaltasuna eta berritasuna; Azpeitiko kultur adierazpenak herritik kanpo ezagutaraztea; balio onuragarriak sustatzea; parte-hartzaileen kopurua; parte-hartzea sustatzea; aktibitate irekia izatea; proiektuaren jarraikortasuna; eta euskararen erabileraren sustapena. Udalak 12.000 euro bideratuko ditu bekaren aurtengo ediziora.

Laugarren edizioa

Sorkuntza Beka 2016an jarri zuten martxan Azpeitiko Udalak eta Kultur Mahaiak, kultur sorkuntza bultzatzeko eta sortzaileei beraien obra sortzeko laguntza ekonomikoa emateko xedearekin. Lehen edizio hartan hamar proiektu aurkeztu zituzten herritarrek, eta horietatik bost lagundu zituzten diruz. Aurreneko urtean 6.000 euro bideratu zituzten sortzaile gazteen proiektuak diruz laguntzera, eta 2017an diru partida hura bikoiztu egin zuten. Hala, 2017. urtean 12.000 euro bideratu zituzten Sorkuntza Bekara, eta zortzi proiekturen artean banatu zituzten dirulaguntzak. Iaz ere 12.000 euro bideratu zituzten beketara, eta herritarrek hamabost proiektu proposamen egin zituzten; Udalak horietatik zazpi lagundu zituen diruz

Aurten ere beketarako diru kopuruari eustea erdietsi dute Udalak eta Kultur Mahaiak. Udalak azaldu duenez, urteotan "fruituak" eman ditu Sorkuntza Bekak; izan ere, sortzaile berriek berek proiektuak martxan jartzeko dituzten beharrei erantzuteko jarri zuten martxan beka. "Jende askok eskatu ohi du laguntza, eta urtez urte bekaren dirulaguntza handituz joan da", azaldu du Udalak lehen urtetik hona bekara bideratu duten diru kopuruari erreparatuta.

Bekaren deialdia honako lotura honetan irakur daiteke, eta oinarriak, berriz, honako honetan.