Alaitz Olaizola: "Azpeitiko haurren antzerki tailerrean sortu zen liburuko antzezlana idazteko ideia"

Uztarria.eus 2019ko api. 9a, 13:54
Alaitz Olaizola artxiboko irudi batean.

Olaizolak Nork agintzen du? haurrei zuzendutako liburua idatzi eta kaleratu du, Erein argitaletxearen Antzoki Txikia bildumaren barruan. Sail horretako liburuak "praktikoak" direla dio azpeitiarrak, "umeekin antzezteko" pentsatutakoak direlako.

Alaitz Olaizolak (Azpeitia, 1975) Nork agintzen du? haurrei zuzendutako liburua idatzi eta kaleratu berri du. Erein argitaletxearen Antzoki Txikia bildumaren barruan argitaratu dute azpeitiarraren lana, eta bildumaren izenburuak iradokitzen duen gisan, antzerki obra bat du lanak oinarrian. Uztarria.eus-ek liburuaz hitz egin du Olaizolarekin. 

Noiz hasi zinen lana idazten?

Nork agintzen du? antzezlana duela bi urte idatzitakoa da. Azpeitiko haurren antzerki tailerrean sortu zen ideia, egoera zehatz bati buruz berriketan aritu ginen arratsalde batean. Antzezteko helburuarekin idatzi nuen obra, eta, beraz, ikasturte bukaerako emanaldian antzeztu egin genuen. Gero, aldaketa txiki batzuk egin eta liburuan jaso dut testua. Nahikoa erraz presta daitekeen lana da, eta liburuan jasota egonda, haur gehiagorengana irits daitekeela uste dut.

Ez da Antzoki Txikia bildumarako egin duzun lehen lana, ezta?

Ez, zazpigarrena da. Aurretik, batzuk aipatzearren, Autobusaren zain, Non biziko gara?, Denboraren makina... idatzi nituen. Askotariko antzerki lanak dira gaiei dagokienez, eta antzezteko idatzita daude, irakurketarako ere balio duten arren. Testuak ez dira bereziki zailak, haur askok parte-hartzeko modukoak dira. Antzerki tailerretan eta eskola antzerkietan prestatzeko pentsatutako testuak dira.

Eskola jazarpena du ardatz Nork agintzen du? lanak. Zergatik gai hori?

Aipatutako moduan, antzerki tailerreko ikasleek proposatu zuten gai hori lantzea, arratsalde batean jazotako gertakari batetik abiatuta. Taldea ados agertu zen eskola jazarpenarekin zerikusia zuen zerbait antzeztearekin, eta ideia mamitzeari ekin genion denok batera. Errealistatik asko duen lana da, baina fikzioak ere badu bere lekua. Gaia ez genuen aukeratu horretaz asko hitz egiten delako; errealitatetik abiatu ginen, eta asko gozatu genuen prestaketekin.

Zerk egiten du Antzoki Txikia bilduma berezi?

Urteak dira Erein argitaletxeak Antzoki Txikia bilduma martxan jarri zuela, eta 8-12 urteko haurrek antzezteko moduko lanak argitaratzen dira sail horren barruan. Dena den, antzezteko gogoa duen edonork lan egin dezake liburu horiekin. Izenburuak ongi dioen moduan –Antzoki Txikia–, egile desberdinen antzerki lanak daude jasota sailean. Liburu praktikoak dira, umeekin antzezteko pentsatutakoak. Lanerako materiala da, batez ere. Askotan, umeekin antzezteko obrak falta izaten zaizkigu, eta bildumak horretarako material aproposa eskaintzen du.

Bildumarako zortzigarren lan bat idazterik pentsatu al duzu?

Beti dago zerbait buruan, baina momentuz, ez naiz ari ezer berria idazten. Batetik, ez daukat denbora askorik; eta bestetik, ideia buruan ondo mamitu arte ez naiz idazten hasten normalean. Oraingoz, bi lan prestatzen ari gara umeen antzerki teilerreko kideekin; horrekin gabiltza buru-belarri.