Oier Etxeberriak Osinalde sariketarako txartela eskuratu du

Uztarria.eus 2019ko api. 7a, 13:23
Atzoko saioan abestu zuten bertsolariak; eskuinetik hirugarrena da Etxeberria. (Zaldibiako herri ataria)

Atzo, zapatua, Zaldibian jokatutako Osinberde sariketan bigarren postua eskuratu zuen azpeitiarrak. Horrenbestez, Osinalde sariketan ariko da, beste bost bertsolarirekin batera, datorren ostiralean, apirilaren 27an. Gabiriako Osinalde elkartean izango da saioa. Bestalde, Plazatik Gaztetxera txapelketako finalerako txartela lortu zuen ostiralean Etxeberriak.

Osinberde sariketa jokatu zuten atzo, zapatua, sei bertsolarik Zaldibian (Gipuzkoa), eta tartean izan zen Oier Etxeberria azpeitiarra. Saio ederra eskaini zuten bertsolari gazteek –Unai Landa, Markel Eizagire, Andoni Mujika, eta epaimahaiak hala erabakita, Ane Zuazubiskar izan zen nagusi atzokoan. Etxeberria, berriz, bigarren sailkatu zen, eta horrenbestez, Osinalde sariketan parte hartuko dute Zuazubiskarrek eta biek. Izan ere, Aztiria, Osinberde eta Argi Berri kanporaketetako sei bertsolari onenak ariko dira Osinalde sariketan. Apirilaren 27an, zapatua, izango da lehia hori, Gabiriako (Gipuzkoa) Osinalde elkartean. Iaz Osinalde sariketan bigarren sailkatu zen Etxeberria.

Beste final baterako txartela ere eskuratu du azpeitiarrak asteburuan; hain zuzen ere, Plazatik Gaztetxera txapelketako Elgoibarko finalaurrekoan egindako lanari esker, Debako finalean izango da Etxeberria. Harekin batera kantatu zuten ostiralean Ane Belokik, Irati Alkantarillak, Urko Arregik, Lurdes Ondarok eta alexander Idoetak. Beloki eta Alkantarilla ere finalerako sailkatu ziren. Iaz bigarren egin zuen Oier Etxeberriak Plazatik Gaztetxera Txapelketako finalean.