Buruz Buruko Promozio Txapelketatik kanpo gelditu da Alberdi

Uztarria.eus 2019ko api. 6a, 23:15

Etxean egin du profesionalen banakako txapelketan debuta Jon Alberdi pilotari gazteak gaur, zapatua, baina ezin izan du Aranguren aurkaria mendean hartu. Hain zuzen ere, 19 eta 22 galdu du azpeitiarrak aginagarraren aurkako norgehiagoka, eta Buruz Buruko Promozio Txapelketatik kanpo gelditu da.

Izarraitz pilotalekuan jokatu dute partida 17:45ean hasita, eta 300 bat lagun izan dira bertan. Alberdi markagailuan aurretik izan da ia partida osoan, baina lehia nahikoa orekatua eskaini dute bi pilotariek, eta Arangurenek harrapatu eta pasatu egin du azpeitiarra. Izan ere, 13 eta 17ko aldearekin izan da Alberdi azken txanpan, baina 17na berdindu, eta hiru tantoren aldearekin nagusitu da Aranguren.

Promozio Txapelketako partida bukatuta, lagun arteko norgehiagoka batek osatu du gaur arratsaldeko pilota jaialdia. Bengoetxeak eta Mariezkurrenak Artolaren eta Albisuren kontra neurtu dituzte indarrak, eta Artola eta Albisu nagusitu dira 17 eta 22. Ilunpe Pilota Elkarteak eta Azpeitiko Udalak aurten antolatu duten bigarren jaialdia izan da gaurkoa.

Jon Alberdi pilotari azpeitiarrak joan zen irailean sinatu zuen kontratua Asegarce enpresarekin, eta urriko aldizkarian elkarrizketa egin zion hari Uztarriak. Profesionaletan debuta, berriz, irailaren 29an egin zuen Alberdik, etxean orduan ere.

Hona hemen, gaurko jaialdiko irudi bilduma: