Hainbat lagunek omenalditxoa egin diote Alex Txikoni, K2ko espediziotik itzuli berritan

Uztarria.eus 2019ko api. 5a, 17:59

Alex Txikon alpinista lemoarrari omenaldia egin zioten atzo, osteguna, hainbat lagunek Azpeitian, K2ko espediziotik itzuli berritan. Espedizioan sukaldari lanetan aritu den Eneko Garamendiri eta Txikoni Landeta jatetxean egin zioten harrera dozena inguru lagunek –horietako asko azpeitiarrak–. Solaserako tartea ere izan zuten, eta besteak beste, proiektu berriez nahiz Txikonek datorren urtean K2ra itzultzeko duen asmoaz aritu ziren hizketan mahaiaren bueltan.

Urtarrilaren 2an hasi zuten Txikonek eta haren taldeak K2ko (8.611 metro) neguko lehen igoera egiteko saiakera, baina neguaren gordinak ez zien utzi mendiaren gailurrera gerturatzen: 7.100 metrora iritsi ziren. K2 da neguan igotzeke dagoen zortzimilako bakarra. Lau saiakera egin dira guztira, eta urrunen iritsi zen espedizioa Denis Urubkok eta Piot Morawskik 2012an antolaturikoa izan zen; horiek 7.650 metrora iritsi ziren. Honako lotura honetan irakur daiteke duela egun gutxi Berria egunkarian Txikoni egindako elkarrizketa.