Babes ofizialeko guztiak esleituta, Esklabak-Iturzuloko etxebizitza tasatuak esleitzen hasi da Udala

Uztarria.eus 2019ko api. 5a, 17:24
Esklabak-Iturtzulo eremuan egingo dituzten etxeen irudia. (Azpeitiko Udala)

Udalak azaldu duenez, hiruzpalau hilabetean esleituko dituzte udal sustapeneko etxebizitzak. Gero hasiko dute obraren exekuzioa eta lanak egiteko lehiaketa publikoa. Obrak hogei hilabetean amaitzea aurreikusten dute. Esklabak-Iturtzulo eremuko etxebizitzen lehen fasea da martxan dena; babes ofizialeko 29 etxebizitza eta udal sustapeneko 33 egingo dituzte.

Esklabak-Iturtzulo eremuko babes ofizialeko etxebizitzak esleitu ditu dagoeneko Udalak, eta aste honetan hasi da udal sustapeneko etxeak esleitzen. Udalak azaldu duenez, dagoeneko prest dauka obren exekuzio proiektua, baina udal sustapeneko etxebizitzak esleitzeko zain dago, obraren exekuzioa hasteko eta lanak egiteko lehiaketa publikoa martxan jartzeko. Erakundearen arabera, hiruzpalau hilabeteko epea beharko du etxebizitza horiek denak esleitzeko, eta epe hori pasatuta hasiko dira obrekin. Eraikuntza lanak 20 hilabetean bukatzea aurreikusten du Udalak.

Joan zen urtarrilaren 25ean egin zuten etxebizitza horien zozketa; 408 lagun zeuden zozketetarako izena emanda. Esklabetako eraikinaren atzealdean 129 etxebizitza eraikiko dituzte; horietatik 68 babes ofizialekoak izango dira eta 61 udal sustapenekoak. Lehen fasean, baina, babes ofizialeko 29 etxebizitza egingo dituzte, eta 33 udal sustapeneko. Bigarren faseko etxebizitzen zozketaren prozedura urte bukaera aldera hastea aurreikusten du Udalak.