Zabaldu dute Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko epea

Uztarria.eus 2019ko api. 5a, 13:34

Apirilaren 30a izango da goi mendizaletasunarekin lotutako proiektuak aurkezteko azken eguna. Epaimahaiak erabakitako proiektu irabazleak 3.000 euro eskuratuko ditu. Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak egiten dute Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen oroimenezko beka deialdia.

Zabaldu dute dagoeneko Joxe Takolo bekara proiektuak aurkezteko epea. Azpeitiko Udalak, Lagun Onak Mendi Bazkunak eta Euskal Herriko Mendi Federazioak egiten dute Joxe Urbieta Takolo azpeitiar mendizalearen oroimenezko beka deialdia; 2001ean banatu zuten sustatzaileek aurreneko beka. Joxe Taknolo bekak goi mailako mendiko egitasmoak bultzatzea du helburu, eta goi mendizaletasunari lotutako proiektuak bultzatzeko 3.000 euroko dirulaguntza banatzen dute urtero. Aurtengoan, apirilaren 30a izango da egitasmoak aurkezteko azken eguna, eta egileen Udaleko Erregistroan aurkeztu beharko dituzte proiektuak.

Aurtengo deialdiko proiektuak baloratzeko irizpideak honako hauek izango dira: egin nahi den jardueraren kalitatea; entitateak bere jarduera-eremuan agertu duen ibilbidea, jarraipena eta egonkortasuna; partaide kopurua, jardueraren iraupena eta zabalkundea; jardueraren finantzazioa; jarduera antolatzeko azpiegitura eta giza baliabideak; kirol eta gizarte arloan jarduera horrek duen interesa; antzeko kirol programa edo eskaintzarik ez egotea; eta jarduera hori kualifikatutako pertsonal teknikoak garatzea.

2016an inflexio puntu bat bizi izan zuen bekak, eta Lagun Onak Mendi Bazkunak jaso zuen diru-laguntza, "inguruotako mendi zaletasuna ikertzeko eta hori sustatzeko" helburuarekin. Horren ostean, 2017an, indarberrituta egin zuten beka deialdia.

Joxe Takolo beka jaso dutenak

2001: Pumori.

2002: Nanga Parbat 2002.

2003: Elurretako leopardoa.

2004: Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino.

2005: Euskal espedizioa Baintha Brakk.

2006: Hutsik gelditu zen beka.

2007: Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo.

2008: Marokon eskalada.

2009: Eiger Northwand aske, Peru-Huayhuash espedizioa, Piolet kapitaina espedizioa Shisha Pangmara, eta Azkoitiarrak Fitz Roy-n espedizioa.

2010: Patagonia-Fitz Roy espedizioa.

2011: Hutsik gelditu zen beka.

2012: Circo de las inescanables.

2013: Hutsik gelditu zen beka.

2014: Valle del Rolwaling- Nepal: Drangnag Ri (6.804 m) eta Ripimo Shar Glacier.

2015: Incognita Patagonia 2015.

2016: Lagun Onak Mendi Bazkuna.

2017: Nun Dago Nun.

2018: Drangnag-era espedizioa.