Film laburren zirkuitu ibiltaria bihar iritsiko da Azpeitira

Uztarria.eus 2019ko api. 9a, 11:06
'Hotzean garbitu' film laburreko irudia.

Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen Laburbirak Azpeitian egingo du geldialdia bihar, asteazkena. Bederatzi film ikusi ahal izango dira, Soreasu antzokian, 21:00etatik aurrera. Sarrera doan izango da.

Laburbira euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariaren XVI. edizioak 21:00etan ekingo dio bihar, asteazkena, ordubete inguru iraungo duen emanaldiari. Soreasu antzokian izango da Euskaltzaleen Topaguneak urtero antolatzen duen zirkuituaren emanaldia, eta guztira bederatzi film ikusi ahal izango dira. Horietatik asko sortzaile gazteek egindakoak dira, baina izango dira tartean esperientziadun zuzendarien obrak ere. Aurtengo edizioan aipagarria da emakumeek izango duten presentzia, bederatzi film laburretatik zazpi emakumeek zuzendurikoak izan baitira. Saioa doakoa izango da.

Hautatu dituzten filmen artean, era guztietako istorioak egokitu dira; besteak beste, maitasun istorioak, animaziozko bi lan eta intrigazkoak. Ikusgai daude obren inguruko sinopsiak, fotogramak eta egileen inguruko informazioa Laburbira zirkuituaren webgunean bertan.

Honako hauek dira gaur ikusi ahal izango diren filmak:

  • Begi ninien koreografia (Arrate Fernandez)
  • Shell phone (Miren Mujika)
  • Zapatak (Irati Murua)
  • Ama  (Josu Martinez)
  • June (Arantza Ibarra)
  • Hotzean garbitu (Maddi Barrenetxea eta Marta Teijeira)
  • Ilunpean (Iker Maguregi eta Andrea Martinez)
  • Erroak (Ane Zuazubiskar)
  • Handiak eta txikiak  (Laida Ruiz)

Mugarik gabeko euskal uzta

Guztira, 35 herri zeharkatuko ditu Laburbirak apirilaren 17ra bitartean, Euskal Herrian nahiz nazioartean. Euskarazko zinegintzaren "dosi txiki eta dibertigarriak" zabaltzea du helburu Euskaltzaleen Topaguneak, eta taldeak aurreratu duenez, aurtengo edizioko filmak ere "kalitatez betetakoak" izango dira; 2016 eta 2018 urteen artean ekoitzitakoak dira guztiak. Eskaintza "euskaraz eginikoa eta esklusiboa" dela azpimarratu dute antolatzaileek. Helburuak, berriz, bi direla jakinarazi dute: euskaraz aritzen diren sortzaileen film laburrak ezagutaraztea eta ikusleak gozaraztea, ordu bete inguruko proiekzio entretenigarri baten bitartez.