Venezuelako testuinguru politikoaz eta iraultza bolivartarraren eraginaz solasean, Sanagustinen

Uztarria.eus 2019ko api. 4a, 14:37

Zer ari da gertatzen Venezuelan?. Galdera horri erantzutea zen atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean izan zen hitzaldiaren xedea. Elkar-ekinek eta Askapena Euskal Herriko erakunde internazionalistak antolatu zuten solasaldia, eta Izaskun Goienetxea Askapenako kideak hartu zuen hitza. Venezuelan izan berri da Goienetxea, eta han ikusitakoa kontatu ez ezik, Venezuelan gertatzen ari dena ulertzeko hainbat gako eskaini zizkien Sanagustin kulturgunera bertaratu ziren dozenaka herritarrei.

Testuinguruan kokatzeko, Venezuelak eta, oro har, Latinoamerikak dituen baliabide naturalei erreparatu zien Goienetxeak: "Jakina da Venezuelako petroleoa, gasa, urrea, koltana... baliabide preziatuak direla, eta inperialismo yankiak ez duela sekula onartuko baliabide horiek merkatu kapitalistatik kanpo geratzea". Baina Askapenaren hitzetan, Venezuelarekiko "obsesioaren" arrazoia "beste bat" da: "Iraultza bolivartarrak ekarritako ahalduntze prozesu kolektiboa eta horrek garatutako sozialismoaren eta internazionalismoaren ideia geldiaraztea da Venezuela jomugan jarri izanaren kausa". Horren harira, Goienetxeak esan zuen gaur egun Venezuelan jazotzen ari dena azken 20 urteetan gertatutakoaren jarraipena baino ez dela, oraingoan, ordea, "beste forma bat" hartuta. 

Azken 20 urtetan –orduan iritsi zen gobernura Hugo Chavez– jazotako gertaeren errepaso bizkorra egin zuen Goienetxeak, eta arreta jarri zuen inperialismoaren jokoan. Chavez zenaren inguruan ere mintzatu zen hizlaria. Goienetxearen aburuz, herritarrek "asko miresten" zuten Chavez, "karisma berezia" zuen gizona zelako eta haren agintearekin "garai berri bat" hasi zelako Venezuelan: "Aurrez pentsaezina zen eraldaketa jarri zuen martxan mugimendu bolivartarrak; gizarte neoliberalaren zimenduak astindu eta sozialismoranzko bidea hasi zuen Venezuelak, herri xumeari boterea emanez". Halaber, Chavez hil osteko gertaeren gaineko analisia egin zuen Goienetxeak, Nicolas Maduroren agintaldian jazotako hainbat gertaeretan sakonduz. Yankiek hartutako neurriek Venezuelan izandako eraginak ere azaldu zituen erakunde internazionalistako kideak. Horren karietara, gaur egun Venezuelako herri xehearen egoera nolakoa den ulertzeko hainbat xehetasun eman zituen Goienetxeak, eta hizpide izan zituen Maduroren gobernuak hartutako hainbat neurri. Era berean, herritarrek eratutako antolaketa ereduez eta kolektiboek eta komunitateek duten garrantziaz ere solastu zen hizlaria. Horrez gain, Goienetxeak hizpide izan zituen, besteak beste, azken urteotan nazioarteko prentsak Maduroren gobernuaren aurrean jokatutako rola eta Euskal Herritik Venezuelari erakutsitako elkartasuna.