65 urtetik gorako emakumeei zuzendutako formazio saioak egingo dituzte Emakumeen Txokoan

Uztarria.eus 2019ko api. 4a, 12:10

Elikadura kontzienteari, sexualitateari eta pentsioei buruzko saioak eskainiko dituzte hiru adituk, maiatzaren 9tik aurrera. Emakumeei zuzendutako doako saioak izango dira, eta dagoeneko eman daiteke izena.

Azpeitiko Udalak eta Emakumeen Txokoak askotariko formazio saioak antolatu dituzte 65 urtetik gorako emakumeentzako. Maiatzaren 9an, 13an eta 23an egingo dituzte doako saioak, eta elikadura, sexualitatea eta pentsioak izango dituzte hizketagai horietan.

Miriam Herbon hezkuntza emozionalean adituak irekiko ditu formazio saioak maiatzaren 9an, eta elikadura kontzienteari buruzko saioa eskainiko du 15:00etatik 17:00etara bitartean, Emakumeen Txokoan. Maiatzaren 13an, berriz, Edurne Mendizabal Arremanitz kooperatibako kideak sexualiatearen inguruko azalpenak emango ditu 15:30etik 17:00etara egingo duten saioan. Hirugarren eta azken saioa maiatzaren 23an izango da, eta bertan parte-hartzen duten lagunak emakumeen pentsioei buruz arituko dira hizketan Isabel Otxoa EHUko irakasle eta ekintzailearekin. 17:00etatik 18:30era bitartean egingo dute saio hori.

Antolatzaileek adierazi dutenez, azkenaldian adineko emakumeak Emakumeen Txokora joan ohi dira yoga egitera, eta saio horiei esker, beraien artean harremanak sendotu eta elkarren "beharrak eta nahiak" ezagutu dituzte. Horren ondorioz antolatu dituzte hurrengo hilean hasiko diren formazio saioak, eta han parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena, Emakumeen Txokoan.