Azpeitiko bertsolariek zita garrantzitsuak dituzte datozen egunetan

Uztarria.eus 2019ko api. 4a, 11:33
Oier Etxeberria iazko Plazatik Gaztetxera txapelketako kanporaketa batean. (Argazkia: Topatu)

Oier Etxeberriak Osinberde sariketan abestuko du zapatuan, Zaldibian. Ostiralean, berriz, Plazatik Gaztetxera txapelketako finalaurrekoan izango da, Elgoibarko Gaztetxean. Imanol Albizuk, berriz, Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketako finalean abestuko du ostiralean, Lasturren.

Bertso saiorik eta sariketarik ez da faltako asteburuan. Azpeitian ez da halakorik izango, baina azpeitiar bertsolariek parte hartuko dute bateko eta besteko saioetan. Oier Etxeberriak, adibidez, Osinberde sariketan kantatuko du zapatuan, Zaldibian. Unai Landa, Ane Beloki, Markel Eizagirre, Andoni Mujika eta Ane Zuazubiskarrekin batera ariko da lehian azpeitiarra, eta saioa irabazten duen bertsolariak eta bigarren sailkatzen denak Osinalde sariketarako txartela eskuratuko du. Hain zuzen ere, Aztiria, Osinberde eta Argi Berri kanporaketetako sei bertsolari onenak ariko dira apirilaren 12an Gabiriako Osinalde elkartean jokatuko den sariketan. Iaz Osinalde sariketan bigarren sailkatu zen Etxeberria.

Bestalde, Plazatik Gaztetxera txapelketaren lehen fasea bukatu da, eta lehian jarraitzen du Oier Etxeberriak. Azpeitiarrak Ondarroako kanporaketa irabazi zuen, eta, beraz, ostiralean Elgoibarko Gaztetxeko finalaurrekoan izango da. Finala, berriz, Debako Gaztetxean izango da, eta bi finalaurrekoetako bertsolari onenak sailkatuko dira saio horretara. Iaz bigarren egin zuen Oier Etxeberriak Plazatik Gaztetxera Txapelketako finalean.

Eskolarteko finala

Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Txapelketa ere iritsi da azken txanpara; izan ere, finalera sailkatu diren zortzi bertsolariek ostiralean dute azken saioa Lasturren. Azpeitiar bat dago finalisten artean: Imanol Albizu. Eta harekin batera ariko dira lehian Aitor Tatiegi, Uxue Alkorta, Aner Peritz, Haizea Arana, Oihana Arana, Igauri Lopetegi eta Maddi Aiestaran. Saioa afalostean izango da Lasturgo plazako tabernan, eta honako lotura honetan eros daitezke finalerako sarrerak.