Txakurrei txipa ezartzearen onurak nabarmentzeko kanpaina aurkeztu dute

Uztarria.eus 2019ko api. 3a, 16:06
Ezkerretik eskubira, Aitor Bereziartua, Miguel Angel Bastida eta Tomas Odriozola, gaurko agerraldian.

Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek elkarrekin prestatu dute Ipintzeko garaia iritsi zaigu kanpaina. Bihartik aurrera etxez etxe banatuko dituzte esku orriak hiru udalerrietan. Txakur jabe "gehienek" arduraz jokatzen dutela gogoratu dute hiru udaletako ordezkariek, baina badira horrela egiten ez dutenak ere. Urtean zehar kaletik jasotzen dituzten txakurren %20k-%30ek ez du txipik izaten.

Txakurrei identifikazio txipa ezartzearen onurak nabarmentzea helburu duen kanpaina bateratua aurkeztu dute Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako udalek. Ipintzeko garaia iritsi zaigu izena eman diote kanpainari, eta bihartik aurrera etxez etxe banatuko dituzte, hiru udalerrietan, kanpainaren informazioa jasotzen duten esku orriak.

Kanpaina "behar" bati erantzutera datorrela azaldu du Aitor Bereziartua Azpeitiko Udaleko zinegotziak, Azkoitiko Udaleko Miguel Angel Bastida eta Zestoako Udaleko Tomas Odriozola zinegotziekin batera Azpeitiko udaletxean eman duten prentsaurrekoan. Eragileek, norbanakoek eta udalek sumatutako beharra da hori, hiru herrietan "txipik gabe dabilen hainbat txakur dagoela konturatuta" daudelako. Txipa duten txakurrak kontuan hartuta, hiru udalerrietan biztanleen %10aren bueltan dabil gaur egun txakur kopurua, Bastidak esan duenez. Txakurren kopuru osoa, ordea, handiagoa da; izan ere, urtean zehar udal zerbitzuek kaletik jasotzen dituzten txakurrei dagokienez, %20-%30 artean ibiltzen da txipik ez dutenen kopurua.

Txiparen onurak

Bereziartuaren aburuz, "jendeak ez ditu ezagutzen txiparen onurak", eta horregatik iruditzen zaie beharrezkoa hiru udalei horiek nabarmentzea.

Txakur guztiei txipa ezartzeak bi onura nagusi dituela azpimarratu nahi dute kanpainarekin: batetik, txakurrak txipa badu, jabeak etxeko aseguruarekin erantzun diezaieke animaliak eragindako kalteei edo okerrei; bestetik, txakur bat galtzen denean, txipa da animalia jabeari itzultzeko tresnarik eraginkorrena. "Txipa kontrolarekin identifikatzen du jendeak, baina kontrola baino handiagoa da onura. Hori ulertarazi nahi dugu", adierazi du Odriozolak.

Txakurrei txipa jartzeko, jabeek albaitariarengana eraman behar dute animalia. Legez txakur arriskutsuen multzoan sartzen diren arrazako txakurren jabeek, ordea, txipa jartzera albaitariarengana joan aurretik udal baimena eskuratu behar dute. Informazio hori ere jaso dute esku orrietan; udaltzaingora jo behar dute udal baimena behar duten txakurren jabeek Azpeitian (943-15 13 13 telefonoa) eta Azkoitian (943-85 71 71), eta udalera Zestoan (943 14 70 10).

Bestalde, txakurra hildakoan albaitariari horren berri ematea ere eskatu diete jabeei. "Horrekin, guk automatikoki jasotzen dugu animalia horren baja, eta erregistroa eguneratuta edukitzen laguntzen digu", azaldu du Bastidak..

Arduraz jokatzea

Txiparen onurekin batera, txakur jabeentzat arduraz jokatzeko oroigarria ere sartu dute kanpainaren esku orrietan. "Gehienek" arduraz jokatzen dutela nabarmendu dute udal ordezkariek, bai txipari dagokionez, bai gainerako zaintza kontuetan; baina horrela egiten ez dutenen jarreren ondorioak agerian gelditzen direla onartu dute. Horregatik, jabeei beren animalien gorotzak eta hondakinak jaso behar dituztela eta txakurrak kalean lotuta eraman behar dituztela ere gogorarazi nahi diete kanpaina berriarekin.