Jendetza elkartu du Miren Etxezarreta ekonomialariak pentsioez eskainitako hitzaldiak

Uztarria.eus 2019ko api. 3a, 15:30

Pentsio publikoak gaur izenburupean, hitzaldia eskaini zuen atzo, asteartea, Miren Etxezarreta ekonomialariak, Sanagustin kulturgunean, eta jende ugari bertaratu zen ekonomilariaren azalpenak entzutera. Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen plataformak, Baigera elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatu zuten hitzaldia, gaian sakontzea helburu. Izan ere, Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen plataformako kideek aspaldi hasi zuten pentsio duinen aldeko borroka, eta orduz geroztik hainbat mobilizazio egin dituzten arren, gaiaren inguruan "ikasten" jarraitzea garrantzitsua dela diote. 

Etxezarreta ekonomialaria da ikasketaz, eta Bartzelonako Unibertsitate Autonomoko irakasle izana da hainbat urtez. Gainera, hainbat gizarte mugimendutako kidea ere bada, eta atzokoa ez da Azpeitian hitzaldia eskaini zuen lehen aldia. Hori hala izanik ere, jendetza bertaratu zen Sanagustinera ekonomilariaren analisiak eta iritziak aditzera. Hizlariak pentsiodunen borroka testuinguruan kokatu zuen atzokoan, eta bide horretan, kritika zorrotza egin zion kapitalismoari. 

Donostiko mobilizazioa

Apirilaren 13an, zapatua, pentsio publikoak aldarrikatzeko manifestazioa deitu du adinekoen elkarteen Gipuzkoako plataformak. Protesta 17:00etan hasiko da, eta hara joateko deia egin die herritarrei Azpeitiko Jubilatuen eta Pentsiodunen plataformak. "Protestarako garai egokia dela uste dugu. Izan ere, gure agintariek jakin behar dute kalean jarraitzen dugula eta jarraituko dugula eskaerak lortu arte". Hori horrela izanik, herritar guztiei manifestazioan parte hartzeko deia egin diete plataformako ordezkariek: "Gazteei nahiz jubilatuei, denei egin nahi diegu Donostiara joateko deia".