Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien txapelketaren saioa egin dute 100 gaztetxok

Uztarria.eus 2019ko api. 3a, 13:51

Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien txapelketaren seigarren saioa jokatu dute gaur, asteazkena, Basazabalen. Azpeitiko, Azkoitiko eta Zumaiako 100 haur eta gaztetxo elkartu dira jauregian, eta hiru ataletan banatuta, parte hartzaileak hainbat lan egin dute goizetik; bertsoak idaztearekin hasi dute saioa gaztetxoek, eta horretarako, ordubeteko tartea izan dute. Ondoren, ikastetxeetan edota bertso eskoletan aurrez prestatutako bertsoak eskaini dituzte, eta eguerdirako amaitu dute Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien Azpeitiko saioa, sari banaketarekin. 

Joan zen martxoaren 26an hasi zen Gipuzkoako Eskolarteko Bertso Idatzien txapelketa, eta guztira, 1.000 ikasletik gora ari dira parte hartzen. Gipuzkoa osoan zortzi saio egingo dituzte txapelketaren barruan, eta Azpeitikoa seigarrena izan da.