Apirileko udalbatzarra egingo dute gaur

Uztarria.eus 2019ko api. 2a, 11:19

19:00etan izango da bilkura, udaletxeko areto nagusian. Besteak beste, mendekotasuna duten herritarrek jasotzen duten zaintzaren jarraipena egiteko Aldundiak proposatutako hitzarmena onartuko du Udalak. Gainera, Done Jakue kaleko etxebizitza tasatuei behin-behineko kalifikazioa emango diete.

Gaur, apirilak 2, apirileko ohiko udalbatzarra egingo dute udal ordezkariek, 19:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian.

Honako hauek dira gaur landuko dituzten gaiak:

1.- Udalbatzak 2019ko martxoaren 14an egindako bilkuraren akta onartzea.

2.- Done Jakue kaleko 7. zenbakian eraikiko diren lau etxebizitza tasaturentzat eta horien gehigarrientzat –trastelekuak– Araubide Orokorreko udal etxebizitza tasatuen behin-behineko kalifikazioa onartzea.

3.- Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren arteko hitzarmena, mendekotasun prestazio ekonomikoak jasotzen dituzten herritarrek jasotako zaintzaren kalitatearen aldiko jarraipena egiteko.

4.- Eusko Jaurlaritzaren telekomunikazio elkarte publikoa den Itelazpik herriko auzo ezberdinetako bizilagunei lurreko telebista digitaleko zerbitzua emateko dituen telekomunikazio zentroen jarduerari dagokion tasaren salbuespena onartzea.

5.- Alkatetzak 2018ko uztailean emandako ebazpenen berri ematea.

6.- Galderak eta erreguak.