Eman daiteke izena Gazteria Sailak Aste Santuko oporraldirako prestatutako ekintzetan

Uztarria.eus 2019ko api. 1a, 18:13

HH5etik LH6ra arteko haur eta gaztetxoei zuzendutako ekintzak prestatu ditu Gazteria Sailak. Ekintzetan izena emateko epea ostiralean, hilak 5, itxiko da.

Aste Santuko oporraldirako haur eta nerabeentzat ekintzak antolatu ditu Udaleko Gazteria Sailak. Aurten, apirilaren 15erako, 16rako eta 17rako antolatu dituzte ekintzak, eta urtero bezala. adinaren araberako eskaintza prestatu dute. Dagoeneko eman daiteke izena Aste Santuko ekintzetan parte hartzeko.

Iturri Txiki eta Txiki Txoko ludoteken kasuan, bi adin-tarte banatu dituzte. HH5 eta LH2 bitarteko haurrek honako ekintzak egiteko aukera izango dute:

  • Apirilaren 15ean, astelehena: Goazen jolastera! (10:00etatik 13:00etara).
  • Apirilaren 16a, asteartea; Egun pasa Ekogunera (10:00eratik 17:30era).
  • Apirilaren 17a, asteazkena: Sortu, jolastu, gozatu (10:00etatik 13.00etara).

LH3 eta LH6 bitarteko haurren kasuan, aldiz, honakohau izango da eskaintza:

  • Apirilaren 15a, astelehena: Talde jolasak (10:00etatik 13:00etara)
  • Apirilaren 16a, asteartea: Egun pasa Bizkaia Park abentura parkera (10:00etatik 17:30era)
  • Apirilaren 17a, asteazkena: Mendian tipi-tapa (10:00etatik 13:00etara)

Betharran eraikineko jolastokian geldituko dira egunero, eta hori izango da denen topaleku.

Urrestillarako ekintzak

Urrestillan ere egingo dituzte ekintzak. Horien kasuan, izen-ematea bertako estankoan jaso eta entregatu beharko dute. Ekintzak honakoak izango dira:

  • Apirilaren 15a, astelehena: Jolasak (10:00etatik 13:00etara).
  • Apirilaren 16a, asteartea: Egun pasa Azpeitiko gaztetxoekin batera. Adinaren arabera bakoitzari egokitzen zaion taldearekin (10:00etatik 17:30era).
  • Apirilaren17a, asteazkena: Mendi buelta (10:00etatik 13:00etara).

Izen-ematea

Aste Santuko oporraldirako prestatutako ekintzetan parte hartu nahi dutenek izena eman beharko dute aurrez, 15 euro ordainduta. Azpeitiko ekintzetan izena eman nahi dutenek Gazte Informazio Bulegoan (GIB) egin beharko dute izen-ematea, 10:00etatik 12:30era edo 17:00etatik 19:00etara. Urrestillakoek, aldiz, estankoan aurkeztu beharko dute izen-emate orria.  

Gaztelekua zabalik

Gaztelekuaren kasuan, aurten hiru egunetan ohiko ordutegian zabalduko dute, eta bertan elkartzen direnekin egingo dituzte ekintzak. Horietan parte hartzeko ez da beharrezkoa aurrez izena ematea.