Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldiaren "oso balorazio positiboa" egin dute antolatzaileek

Uztarria.eus 2019ko api. 1a, 14:36

Zuzenbide Piriniarraren II. Jardunaldia egin dute asteburuan, Azpeitian. Zuzenbide Piriniarra inguratzen zuen errealitatea, kontzeptua bera nahiz datuak ezagutzeko eta gaian sakontzeko antolatu dituzte saioak Nabarralde fundazioak eta Azpeitiko Udalak. Ostiralean egin zuten inaugurazio ekitaldia Basazabal jauregian, eta larunbatean, egun osoko saioak izan ziren Loiolako Gogartetxean. Jende ugari elkartu zen jardunaldietan; zehazki, 106 lagunek parte hartu dute.

Jardunaldiak amaituta, antolatzaileek "oso balorazio positiboa" egin dute. "Zuzenbide Piriniarra oso gutxi ikertuta dago, eta jardunaldiek arlo hori ezagutzeko aukera eman dute", azaldu du Mirari Bereziartua Nabarraldeko ordezkariak. "Kataluniatik jende ugari bertaratu da Azpeitira, eta parte hartzaileak oso gustura gelditu dira", erantsi du.