Bayelign Teshager Yegzaw eta Irene Kimais nagusitu dira 26. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

Uztarria.eus 2019ko mar. 30a, 22:24
2019ko Azpeitia-Azkoitia maratoi erdiko lasterketa nagusiko podiuma.

Lasterketa motzean, Kamel Ziani oriotarra eta Jone Zabaleta azkoitiarra izan dira azkarrenak. Gurpil aulkidunen kategorian, Ion Galarraga sailkatu da lehen postuan. Maratoi erdiko lehen azpeitiarrak, berriz, Xabat Mancisidor eta Maider Korta izan dira.

Azkoitian gertatu den sute batek eraginda Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian eragozpenak izan diren arren, azkenean, normaltasunez egin dituzte proba herrikoia nahiz maratoi erdia, nahiz eta azken hori ordubete beranduago hasi den. Lasterketa luzean, gizonetan, Etiopiako Bayelign Teshager Yegzaw izan da helmugara iristen lehena (1:00:31), eta emakumeetan, Keniako Irene Kimais (1:10:33). Bietako inork ez du errekorrik egin. Gizonetan, Etiopiako Abera Kuma izan da bigarrena (1:00:41), eta Keniako William Malel Sitonik hirugarrena (1:00:47). Emakumeetan, Suediako Meraf Batha (1:11: 42) sailkatu da bigarren postuan, eta Keniako Joyline Chemutai hirugarrenean. 

Bestalde, 8,1 kilometroko lasterketa motzean, Kamel Ziani oriotarra (25:59) eta Jone Zabaleta azkoitiarra (29:02) izan dira azkarrenak. Haien atzetik sailkatu dira, gizonetan, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Jon Presa (26:43) eta Laudioko (Araba) Koldo Ayesta (26:57). Emakumeetan, berriz, Sara Alonso (29:14) sailkatu da bigarren postuan, eta Mari Karmen Seijas azkoitiarra (34:56) hirugarrenean.

Gainera, gurpil aulkian ere atera da hainbat kirolari, eta haien artean, Bidania-Goiatzko Ion Galarraga izan da nagusi, 42:37 denbora eginda.

Lehen azpeitiarrei ere banatu dizkiete sariak. Gizonezko azpeitiarretan, Xabat Manzisidor (1:12:01), Asier Cuevas (1:14:36) eta Iñaki Korta (1:17:54) izan dira azkarrenak, hurrenez hurren. Emakume azpeitiarretan, berriz, Maider Korta (1:31:09) izan da lehena, Nerea Azpiazu bigarrena (1:34:19) eta Vanessa Cerrajero (1:45:58) hirugarrena.

Sari berezi bat ere banatu dute aurtengoan. 25 urte bete dira Helsinkin Europako txapelketan hiru lehen sailkatuak Martin Fiz, Diego Garcia eta Alberto Juzdado izan zirenetik, eta urteurren hori tarteko, Juzdadori oroigarri bat eman diote gaurko lasterketak amaitzean.