Nuarbeko sokatira taldearen 29 urteko balentria, liburuan jasota

Uztarria.eus 2019ko mar. 31a, 14:18

"Azpeitiko herriak Nuarberekin zuen zorra kitatzea". Horixe izan da Nuarbe, 29 urteko soka liburua argitaratzearen asmoa, eta atzo, zapatua, aurkeztu zuten Azpeitiko Udalak eta Nuarbeko sokatira taldeak argitaratu duten lana Sanagustin kulturgunean. Asko eta asko izan ziren ekitaldia zuzenean jarraitu nahi izan zutenak, eta herritarrek goraino bete zuten aretoa. Luis Gurrutxaga Nuarbeko sokatira taldeko kideak, Manuel Arregi liburuaren editoreak, Laxaro Azkune liburuaren idazleak, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak eta Jose Antonio Lopategi Euskadiko Herri Kirolen Federazioko lehendakariak aurkeztu zuten saioa, eta askok begiak bustita gogoratu zuten Nuarbeko talde aitzindaria.

Nuarbeko taldearen historia idaztea "ohorea" eta "erantzukizuna" izan dela adierazi zuen Azkunek, jakin badakielako ez zela "edozein talde" izan hura. "Munduko sokatiraren historian arrastoa utzi du, eta nolako arrastoa, gainera". Idazleak adierazi zuen "betidanik" izan duela harremana nuarbetarrekin eta hori antzeman egin dela libururako informazioa lortzeko garaian. Sokatira taldean ibili ziren eta haien inguruko "ia denei" egin dizkie elkarrizketak, eta guztira, 100 lagunekin gora elkarrizketatu ditu, hala nola sokatiran ibilitakoak, masajistak, interpreteak, kazetariak eta bidaia lagunak. Horrenbestez, liburua "beraiena" dela azpimarratu zuen Azkunek: "Liburuak ekarpenik baldin badu, beraiek egin duten ibilbide harrigarriari esker izan da". Horrez gain, idazleak gaineratu zuen Nuarbe "oparia" izan dela Azpeitiarentzat, herriaren izena "oso goian" ibili delako hari esker. "Azpeitiko herriak gehienetan esker ona agertu du taldeak egin dituen lorpenen ondoren, baina horrenbeste urteko ibilbide bikainaren ondoren, bagenuen kitatu gabeko zor bat, eta liburu hau izan daiteke zorra ordaintzeko moduetako bat".

Azkuneren arabera, Nuarbek erakutsi zuen herri kirola egin daitekela "maila duin batean" eta "gizatasunez", eta taldeak balio ugari zituela gogoratu zuen: "Auzolanaren filosofia gorenera eramatea, talde lanari garrantzia ematea, bakoitzak bere dohaien arabera bere lekua aurkitzea, bakoitzak bere onena ematea, amesten eta lan eginez urrutira hel daitekeela erakustea...".  Elkarlanean egindako lana izan dela azaldu zuen Azkunek, eta besteak beste, Sebastian eta Patxi Gurrutxagak jasota zuten material grafikoa "bereziki baliotsua" izan zaiola gaineratu zuen. Arregik, berriz, adierazi zuen ahalik eta modu erakargarrienean eskaini nahi izan dutela aurrez bildutako informazio sorta, eta azkenean "lan txukuna" geratu dela zeritzon. Era berean, liburua sortzeko orduan, "nuarbetar estiloan" aritu direla gaineratu zuen, eta izaera hori lanean "behin eta berriz" antzematen dela esan zuen. "Zeharka jaso dut informazioa, baina uste dut jabetu naizela nuarbetar izaerarekin, eta hori plasmatu nahi izan dugu".

Gurrutxagak, bere aldetik, adierazi zuen liburua egitaren desioa Nuarbeko taldearena eta haien ingurukoena izan dela: "Duela 12 urte sokari utzi genionean, behin eta berriro aipatzen genuen tristea izango zela gure ibilbidea historian galtzea". Hori hala, taldeak liburua "omenaldi gisa" hartu duela azpimarratu zuen elkarteko kideak, eta eskerrak eman zizkien liburuaren sortze prozesuan parte hartu duten guztiei. Era berean, Azkuneri esan zion hark "ikaragarrizko lana" egin duela liburua osatzeko, eta taldeak idazleari "betirako estimua" izango diola gaineratu zuen hunkituta.

"Justizia egiteko oinarria"

Etxeberriak ere berretsi zuen Azpeitiak bazuela "zorra" Nuarberekin, eta liburuak auzoari zein herri kiroleri "justizia" egingo diela uste du. "Bailara osoko taldea izan zen Nuarbe, bailara osoak sentitu zuelako 29 urtetako ibilbidea. Nuarbeko sokak jende asko bildu zituen, eta hori goraipatzekoa da. Herri kirol xume batek munduan erakutsi zuen txapelketak irabaz daitezkeela, eta Azpeitiko, bailarako zein Euskal Herriko izena zabaldu zuen han. Oso eskertuta egon beharko genuke horregatik". Horrez gain, liburua Nuarberi "justizia egiteko oinarria" dela esan zuen, eta gaineratu zuen taldeari "duintasun gehiago" emateko saiakera berezia egin behar zaiola datozen urteetan. Lopategik ere aberasgarritzat jo zuen argitaratu berri duten liburua. Izan ere, Nuarbeko sokatira taldea nazioartean "eredua" izan dela esan zuen hark, eta jendeak zein erakundeek taldea ezagutzeko eta gogoratzeko lan baliagarria izango dela uste du.

Orio Produkzioak ekoiztetxeak 1994ean argitaratutako bideo batekin hasi zuten atzoko ekitaldia, eta Nuarbeko sokatira taldearen ibilbidea gogoratu zuten orduko irudiekin. Saioa amaitzeko ere ikus-entzunezko beste lan bat plazaratu zuten, Manuel eta Oier Arregi aita-semeek ekoitzitakoa. Nuarbeko taldeko sokatiralarien bizipenak entzun ahal izan ziren bertan, eta taldearen sorreraz, garaipenez zein nazioartean izan zuten oihartzunaz hitz egin zuten haiek. Bideoan ez ezik, ekitaldian bertan ere hartu du hitza horietako batek; Patxi Gurrutxaga sokatiralari ohiak azaldu zuen liburuak balio izango duela sokatira Euskal Herrian eta nazioartean ulertzeko, eta taldearen izenean eskerrak eman zizkien proiektua gauzatzen lagundu duten guztiei. "Material asko zegoen, eta liburu honekin zirkulua itxi egin duzue. Lan bikaina egin duzue, eta erakutsi duzue benetan ondo egin daitezkeela gauzak".

Ekitaldia amaitzeko, Imanol Lazkanok bertsoa bota zuen, eta liburuaren sortze prozesuan parte hartu duten norbanakoek zein liburuaren protagonista diren sokatira jokalariek argazkia atera zuten Sanagustingo oholtzan.