Borrokan jarraitzeko aldarria eginez jaso du Arrosa Bordak pentsiodunen mugimenduari emandako saria

Uztarria.eus 2019ko mar. 30a, 11:46
Arrosa Borda, saria jasotzen.

Estatu Mailako Gizarte Lanaren VII. Sarien banaketa ekitaldia egin zuten atzo, ostirala, Donostian, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduari eman zioten sarietako bat. Arrosa Borda azpeitiarra izan zen saria jaso zuenetako bat, eta saria pentsiodunei eman izana eskertu bazuen ere, borrokan jarraituko dutela nabarmendu zuen.

Espainiako Estatuko Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiak Estatu Mailako Gizarte Lanaren VII. Sariak banatu zituen atzo, ostirala, Donostian. Sarietako bat, gizarte arloko erakundeei, elkarteei edota taldeei dagokiena, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pentsiodunen mugimenduari ematea erabaki zuten gizarte langileek, eta jakina zen, pentsiodunen mugimenduak hala erabakita, Gipuzkoako bi ordezkarik jasoko zutela saria, guztien izenean: Arrosa Borda azpeitiarrak eta errenteriar batek.

Saria jasotzeko unea iritsi zenean, hitza hartu zuen Bordak, eta pentsiodunen izenean, saria beraiei eman izana eskertu zuen."Horrek bere baitan dakar milaka eta milaka pentsiodunek hamalau hilabete hauetan gure aldarrikapenen alde egin dugun borrokaren aitorpena", esan zuen. Era berean, saria jaso arren, astelehenero kalera ateratzen jarraituko dutela adierazi zuen. Gainera, beraien eskaerak zein diren azaldu zuen, eta jarraian, erakundeei zuzendu zitzaien. "Espainiako Gobernuari zein Eusko Jaurlaritzari gure eskaerak exijitzen jarraitzen dugu, beraiek baitute ardura eta gaitasuna pentsiodunok gutxieneko bizi baldintza duinetan bizi gaitezen".

"Borrokatzen ez den guda da galtzen den bakarra, eta horregatik erabaki dugu borrokan jarraitzea gure eskubideak lortzeko", nabarmendu zuen jarraian Bordak. Horren harira, datozen hilabeteetarako deitu dituzten protesten egunak zehaztu zituen: apirilaren 13an eta maiatzaren 11n manifestazioak egingo dituzte Bilbon, Gasteizen Iruñean eta Donostian.

"Mugimendu eredugarria"

Euskal pentsiodunen mugimendua "eredugarria" da sariketaren arduradunentzat eta horiek "erakutsitako gizarte konpromisoa" saritu nahi izan du Espainiako Estatuko Gizarte Laneko Kontseilu Nagusiak. "Gizarte langileok bat egiten dugu pentsio sistema publikoaren aldeko borrokarekin eta borroka horretan erakutsi duzuen iraunkortasunarekin", dio, besteak beste, sariaren berri emanez pentsiodunek jaso zuten gutunak.

Miramar jauregiko Julio Caro Baroja aretoan egin zuten atzoko sari banaketa ekitaldia. Pentsiodunek jaso zutenaz gain, beste bi sari eman zituzten ekitaldian: Ana Isabel Limak jaso zuen gizarte langileen lana eta ibilbidea aitortzen duen saria; eta Sandra Sabates kazetariak, berriz, komunikazio arlokoa.

Hona hemen Bordak saria jaso zuen unea, bideoan: