Akordeoia eta klarinetea, Tekla jardunaldien osagarri

Uztarria.eus 2019ko mar. 30a, 11:10

Tekla jardunaldien barruan, pianoa eta organoa ardatz zituzten askotariko kontzertuak entzun ahal izan dira egunotan Azpeitian, eta atzo ere, ostirala, izan zuten zer gozaturik Sanagustin kulturgunera gerturatu zirenek. Izan ere, Donostiako Musikene kontserbatorioko ikasleek Ganbera kontzertua eskaini zuten hango oholtzan, eta piano doinuak akordeoiekin eta klarineteekin uztartu zituzten emanaldian. 

Asteazkenean hasi ziren Tekla jardunaldiak, Juan Antxieta musika eskolako 5. eta 6. mailako piano ikasleen kontzertuarekin. Hurrengo egunean, berriz, dantzarekin eta interpretazioarekin lotutako kontzertu berezia eskaini zuten Igancio Arakistain piano jotzaileak, Susana Plumed musika eskolako tronpa irakasleak eta Iraia Bereziartua biolin-jotzaileak, eta emakume konposatzaileen hainbat lan gogora ekarri zuten emanaldian. Bihar, igandea, amaituko dira jardunaldiak, organo emanaldiarekin. Juan Antxieta musika eskolako organo eskolek hamar urte bete dituzte, eta hori ospatzeko, Esklabetako elizan kontzertuaizango da, 18:00etan.