Alaia Juaristiri harrera egin dio Azpeitiko Udalak

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko mar. 30a, 09:45

Iraupen Eskiko Espainiako Txapelketa irabazi du Alaia Juaristi eskiatzaileak, 16 urtez azpikoen mailan, eta atzo, ostirala, harrera egin zion Azpeitiko Udalak, udaletxean. Ekitaldian izan ziren Azpeitiko Udaleko zinegotziak, Juaristi eta haren aita. Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak kirolari gaztea zoriondu zuen, eta eskerrak eman zizkion "Azpeitiaren izena eta izana zabaltzeagatik". Horrez gain, oroigarri bat jaso zuen eskiatzaileak.

Azpeitiarrak aurten beteko ditu 15 urte, eta hamasei urtez azpikoen mailan lehiatu zen txapelketan, joan den asteburuan. Ostiraletik igandera izan zen lehia Candanchun (Huesca, Espainia), eta hiru modalitatetan parte hartu zuen azpeitiarrak: klasikoa, patinatzaile estiloa eta erreleboak. Ostiraleko estilo klasikoko proban zilarrezko domina eskuratu zuen Juaristik, eta zapatuan lortu zuen urrezkoa; hain zuzen ere, patinatzaile estiloko proba irabazi zuen azpeitiarrak. Igandean, berriz, erkidegokako errelebo proba mistoan parte hartu zuen, eta bigarren egin zuten Juaristik eta haren taldekideek. Bestalde, kirolari gazteagoen mailan, Alaiaren anaia Hodeik ere parte hartu zuen igandeko erreleboetako txapelketan, eta hark eta Aragoiko haren taldeak zilarrezko dominak eskuratu zituzten.

Tolosako Uzturre taldeko kidea da Alaia Juaristi, eta Ioseba Rojoren teknifikazio eskolan egiten ditu prestaketa lanak. Urtea hasi zenetik hainbat balentria lortu du azpeitiarrak. Besteak beste, Euskal Herriko Txapelketan zilarrezko dominak lortu zituen patinatzaile modalitatean eta modalitate klasikoan. Bestalde, Benasqueko (Huesca, Espainia) Plan d'Estan hamar kilometroko iraupen eskiko proban urrezko domina jantzi zuen Juaristik joan zen otsailean. Halaber, Marxa Bereteko hamar kilometroko absolutuen lasterketan hirugarren helmugaratu zen Juaristi.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu