Apiril amaieran ekingo diete Lasaoko pasabidea egiteko obrei

Uztarria.eus 2019ko mar. 29a, 13:36
Trenbidearen ondoan egingo dute bidexka.

Obrek hiru hilabete inguru iraungo dutela aurreikusten dute. Eusko Trenbide Sareak egin du obren lehiaketa publikoa, eta Azpeitiko Altuna y Uria enpresari esleitu dizkio lanak. Pasabidea egiteko aurrekontua 62.653 eurokoa da, BEZ gabe.

Azpeitiko Udalak jakinarazi duenez, apirilaren amaieran hasiko dituzte Zumarraga eta Lasao arteko bidegorriaren eta Lasao eta Iraeta arteko bide berdearen lotunearen obrak. Hau da, apirilean ekingo diote Lasao auzoko alde batetik bestera igarotzeko pasabidea eraikitzeko obrei. Modu horretan emango diote irtenbidea urte luzetako arazoari Eusko Trenbideak Sareak eta Azpeitiko eta Zestoako udalek. 2018ko urriko udalbatzarrean aho batez onartu zuen Azpeitiko udalbatzak hiru erakundeen arteko hitzarmena, eta horren ondorioz egindo dute errepide azpiko pasabidea. Era berean, Lasaoko tren geltokiaren ondoko Urola trenaren trazatuaren alboan oinezkoentzat bidea egingo dute.

Udalak azaldu duenez, Eusko Trenbide Sareak deitu du lanok egiteko lehiaketa publikoa, eta Altuna y Uria enpresari esleitu dizkio obrak. Eraikuntza enpresak hiru hilabete izango ditu pasabidea eraikitzeko. Obrek 62.653 euroko aurrekontua dute, BEZ gabe. Azpeitiko eta Zestoako Udalek hamabost milana euro jarriko dituzte obrak egiteko, eta 30.000 euro Eusko Trenbideen Sareak. Udalaren hitzetan, lan horiek eginda "lotune segurua" izango da bidegorriaren eta bide berdearen artean.

Azpeitiko eta Zestoako Udalek eta Lasaoko bizilagunek 2015ean eskatu zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari auzoaren bi aldeen artean lotunea egitea, herritarren "segurtasuna bermatzeko". Izan ere, ordura arte errepidearen azpiko trenbidearen ondoko bidexkatik pasatzen ziren oinezkoak eta txirrindulariak, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak itxi egin zuen zati hori 2015eko abuztuan. Neurri hura hartu zutenetik, errepidea gurutzatu behar izaten dute Lasaon alde batetik bestaldera igaro nahi dutenek, eta aldundiak bi seinale jarri zituen gune horretan, 50 kilometro orduko gehienezko abiaduraren seinalea eta oinezkoak eta txirrindulariak dabiltzala ohartarazten duena. Foru erakundeak sasoi hartan azaldu zuen 2016rako edo 2017rako zebrabide bat egingo zuela errepide zati horretan. Bi udalak –gutuna kaleratu zuten– eta Lasaoko bizilagunak –auzo elkarteak sinadura bilketa egin zuen lotunea trenbide ondoko tunelean egitea eskatzeko– ez ziren ados agertu irtenbide harekin.