Interpretazioa eta musika eskutik, Tekla jardunaldietako bigarren saioan

Uztarria.eus 2019ko mar. 29a, 11:50

Tekla jardunaldien bigarren saioa izan zen atzo, osteguna, Sanagustin kulturgunean. Antolatzaileen arabera, atzokoa izan zen jardunaldietako saiorik garrantzitsuena, orain dela 200 urte jaio zen Clara Schumann konposatzaile eta piano jotzaile alemaniarra omendu baitzuten bertan. Hainbat lagun izan ziren agertokian, eta horiek musika, interpretazioa eta dantza uztartu zituzten emanaldian. Hain zuzen ere Mari Karmen Borda, Olatz Aguado, June Urain, Mireia Galarza eta Nora Aiertza aktoreek, Mirari Zubizarreta dantzariak eta Ignacio Arakistain, Susana Plumed eta Iraia Bereziartua izan ziren atzoko protagonistak.

Oraindik ez dira amaitu II. Tekla jardunaldiak. Izan ere, gaur, ostirala, Donostiako Musikene kontserbatorioko hainbat ikaslek ganbera kontzertua eskainiko dute 19:30ean, Sanagustin kulturgunean. Igandean, berriz, Juan Antxieta musika eskolako organo ikasleek eskainiko dute emanaldia, 18:00etatik aurrera, Esklabetako elizan. Organo eskolaren hamargarren urtemuga dela-eta antolatu dute igandeko saioa.

II. Tekla jardunaldien egitaraua:

Martxoak 29, ostirala: Ganbera musika kontzertua, 19:30ean, Sanagustin kulturgunean.

Martxoak 31, igandea: Juan Antxieta musika eskolako organo eskolaren X. urteurrena, 18:00etan, Esklabetako elizan.

 

Hona hemen, atzoko emanaldiko argazki bilduma (Argazkiak: Alberto Beloki):